Azpeitian 1.200 herritarrek babestu dute Donostia Ospitalera zuzeneko autobusa eskatzeko ekimena

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 12a, 08:00

Hainbat herritar, Doako Parking-a Denontzat plataformaren ekimena sinatzen. (Nerea Uranga)

Uztailaren 23ra arte Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua jartzea eskatzen duen ekimena babestu dezakete herritarrek. Gero, eskaera ofiziala egiteko tramiteak hasiko ditu Doako Parking-a Denontzat plataformak.

Ekainaren amaieraz geroztik, Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua jar dezatela eskatzeko sinadura bilketa du martxan Doako Parking-a Denontzat plataformak, eta dagoeneko 1.200 herritarren babesa lortu du Azpeitian. Uztailaren 23ra arte sinatzeko aukera izango da, eta babesak biltzeko kanpaina amaitzen denean, eskaera ofiziala egiteko tramiteak hasiko ditu plataformak.

Doako Parking-a Denontzat plataformak salatzen duenez, Donostia Ospitalean gero eta zailtasun gehiago daude autoak aparkatzeko, eta, ondorioz, asko dira egunero dagokien ordua baino askoz ere lehenago joan behar izaten duten langileak, kontsultak galtzen dituzten pazienteak eta senitartekoak bisitatzeko ordainpeko aparkalekuan diru kantitate handia uzten duten pertsonak. Horregatik, ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua egon dadila eskatzeko sinadurak biltzen jardun du ekainaren 24az geroztik Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan.

Aste horietan, plataformak esan duenez, "asko" izan dira sinadura puntuetara joan diren herritarrak. Horrela, 1.200 sinadura lortu dituzte Azpeitian, 700 Azkoitian eta 450 Zestoan. "Horrek argi adierazten du Donostia Ospitalera iristeko oztopoek herritar askori eragiten dietela", adierazi dute plataformako kideek.

Hala ere, adierazi dute aldarrikapenarekin bat egiten duen herritar askok ez duela oraindik eskaera orria sinatu, eta, horregatik, herritarren babesa lortzeko kanpaina irekita mantenduko dute uztailaren 23ra arte. Gero, eskaera ofiziala egiteko tramiteak hasiko dituzte.

Honako aukera hauek izango dituzte herritarrek Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua egon dadila eskatzen duen ekimena babesteko:

  • Uztailak 14, astelehena. 17:00etatik 20:00etara, Sanjuandegiko Eroski parean.
  • Uztailaren 23ra arte, honako toki hauetan: Plaza Txikiko kioskoan, Haginpe tabernan, Kantoi tabernan eta Urola Expres tabernan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide