Udako Musika Printzaken azken bi emanaldiak, bihar eta etzi

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 16a, 08:00

Aire (H)ari bikotea joan zen ostegunean, Madalenako baselizaren atarian. (Julene Frantzesena)

Bihar Easo Sinfoniettaren txanda izango da, eta etzi, Mucalinda hirukotearena. Bi emanaldiak Enparan dorretxearen atzeko zelaian izango dira, 21:00etan hasita.

Aurreko ostegunean hasi zen Udako Musika Printzak musika zikloaren aurtengo edizioa, eta bihar eta etzi izango dira azken bi kontzertuak. Herriko txoko berezi batean izango dira bi emanaldiak; Enparan dorretxearen atzeko zelaian, 21:00etan hasita.

Bihar Easo Sinfoniettaren txanda izango da, duela bi urte musika ikasle eta musikari profesional hainbatek osatutako taldearena. Horiek Carl Reinecke alemaniarraren Flautarako kontzertua eta Manuel de Falla espainiarraren El amor brujo pantomima eskainiko dituzte. Gainera, De Fallaren obra emateko, Mireia Galarzaren laguntza izango dute musikariek –azpeitiarrak egingo ditu narratzaile lanak–.

Etzi, berriz, Mucalinda hirukoteak eskainiko du zikloaren barruko hirugarren eta azken kontzertua, eta ez da nolanahikoa izango. Hain zuzen ere, flamenko fusioa jorratzen dute Daniel Ayala eta Igor Iturria gitarristek eta Alvaro Urbano perkusionistak, eta horiek emango diote bukaera egitasmoaren aurtengo edizioari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide