Zalduko XVI. Dantza Suelto Txapelketa irabazi dute Jone Arriaranek eta German Aranburuk

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 14a, 15:57

Ezkerretik eskubira, Lertxundi eta Davila, Arriaran eta Aranburu eta Alkain eta Manterola, atzo. (Utzitakoa)

Txapelak pilatzen jarraitzen dute bi dantzari azpeitiarrek. Atzo Gordexolako Zaldu auzoan izan zen txapelketan nagusitu ziren Luix Beltza dantza eskolako kideak.

Bolada ezin hobean dira Jone Arriaran eta German Aranburu dantzariak; izan ere, azken asteetan dantza suelto txapelketetatik txapelak etxeratu eta etxeratu ari dira. Hernanik sanjoanetan eta Zumarragako santaisabeletan garaipena lortu ondotik, atzo, igandez, Zalduko (Gordexola, Bizkaia) XVI. Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten azpeitiarrek. Luix Beltza dantza eskolako kideek txapela, zapia eta garaikurra eskuratu zituzten atzokoan.

Zazpi bikote aritu ziren lehian, tartean beste azpeitiar batzuk ere bai, baita eskualdeko dantzariak ere: Jon Alkain eta Bidatz Manterola oriotarrak hirugarren sailkatu ziren. Bigarren postua, berriz, Zizurkilgo eta Asteasuko Julen Lertxundik eta Nora Davilak eraman zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide