Erredakzioa

Luis Agirre 'Katxi': "Dena ematen duten jokalariak dira estimatzen ditudanak"

Anitz Urkizu 2025ko abu. 19a, 09:00

Luis Agirre 'Katxi'-ren erretratua. (Olatz Alkorta)

Etxetik datorkio saskibaloirako zaletasuna Luis Agirre Katxi-ri. Jokalari aritu zen aurrena Iraurgi SBn, eta gero, entrenatzaile. Ustekabean hasi zen ISBko nesken talde bat prestatzen, eta gaur egun, klubeko emakumeen talde nagusiaren gidaria da. Beti nesken taldeak entrenatzen aritu da, eta emakumeen kirolaren gabeziak gertutik ezagutzen ditu. Berea da Erretratua uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian.

Txiki-txikitatik saskibaloia ikusten hazi izan da Luis Agirre Katxi (Azpeitia, 1990). Aita [Iñigo Agirre] betidanik izan du saskibaloi zalea, eta familian Baskoniaren partidak jarraitu izan dituzte. Hortik datorkio kirol horrekiko zaletasuna. 12 urterekin hasi zen saskibaloian jokatzen: "Hortik aurrera, noiz edo noiz eten txikiren bat izan dut kirolean, baina ia beti egon naiz saskibaloiari lotuta".

Gaur egun, Iraurgi saskibaloi klubeko nesken senior taldearen –Domusa Teknik ISB– entrenatzailea da Agirre. Ezustean, duela hamazazpi urte hasi zuen entrenatzaile ibilbidea. "Nire arrebak jokatzen zuen taldeak entrenatzaile baten beharra zuen, eta laguntzeko eskatu zidaten. Garai hartan nik ere saskibaloian jokatzen nuenez, entrenamenduetan bakarrik laguntzen nien haiei". Urtebete geroago, berriz, Iraurgik teknifikazio saioetarako deitu zuen, eta orduantxe piztu zitzaion entrenatzaile izateko grina. Gustura sentitu zen, eta pixkanaka taldeak gidatzeko tituluak ateratzen hasi zen. "Sasoi hartan ez zegoen nire asmoen artean entrenatzailea izatea, baina gustua hartu nion jardun horri, eta orain nire bizitzaren parte da".

Saskibaloiko gazteen teknifikazio saioak gidatzen hasi zen, baina denborarekin infantiletatik seniorren mailara egin zuen saltoa. "Beti izan dut lotura handia ISBko 15-16 urteko jokalariekin, baina azken urteetan helduekin ere ibili naiz. Bi garai horiek ditut oso gustukoak. Juniorretako fasean aritzea, aldiz, kostatu egiten zait. Lotura handitzat hartzen dut saskibaloia, eta Batxilergoa dela eta, zaila egiten zait infantil mailako jokalariei exijentzia maila bera eskatzea".

Agirrek beti nesken saskibaloi taldeak entrenatu izan ditu, eta argi du horretan jarraitu nahi duela: "Oso eroso sentitzen naiz nesken taldeetan. Mutilen artean haserreak azkarrago ahazten dira nesken artean baino, baina neskak esker onekoagoak dira".

Entrenatzaile lanetan esperientzia zabala du, eta ondorioz, gertutik eta ondo ezagutzen ditu emakumeen kirolak dituen oztopoak. "Ez zaio ikusgarritasunik ematen emakumeen kirolari. Emakumeen saskibaloi partidak ikusteko, adibidez, neuk ibili behar izaten dut horien bila; mutilen partidak ikusteko, aldiz, nahikoa da telebista piztea". Hala ere, aurrerapausoak ikusten ditu: "Profesional izateari lotuta pausoak ematen ari dira. Hobetu da zerbait, baina oraindik bide luzea dago egiteko".

ISBren barruan nesken eta mutilen arteko berdintasuna sustatzen saiatzen direla ere azaldu du azpeitiarrak. "Iraurgin beti saiatu gara neskek zein mutilek tratu bera jaso dezaten lan egiten. Egingo dira akatsak, baina klubaren asmoa argia da: talde guztien arteko oreka mantentzea". Emakume jokalariek presentzia handia dute Iraurgin; izan ere, klubaren %60-70a neskek osatutakoa da.

Emakumeen kirolaren egoeraz iritzi garbia dauka entrenatzaileak: ikusgarritasun urriaz gain, saskibaloian ere soldata arrakala eta baliabide eskasia dira oztopo nagusiak. Eta ez kirol horretan bakarrik; orokorrean emakumeek kirol guztietan oztopo horiek bizi dituztela uste du. 

Nahiz eta saskibaloiak Agirreren bizitzan "toki pribilegiatua" izan, ez da kiroletik bizi. Lanbide nagusia familia tailer txiki batean du; trokelatu lanak egiten aritzen da. Saskibaloia, beraz, ez du ogibidea, baina bai bere egunerokoari zentzua ematen dion pasioa. Dena den, lanbidea eta zaletasuna uztartzea ez zaio batere zaila egiten: "Inolako arazorik gabe lotzen ditut bi jardunak".

Urteetan saskibaloian pilatutako esperientziak eta jasotako konfiantzak punta-puntako ekitaldietan parte hartzeko bidea ere ireki diote. Hain justu, uda honetan Espainiako selekzioaren 16 urteko nesken taldearekin Europako txapelketa batean aritzeko deia jaso du. Agirrek "sari bezala" jaso du aukera hori, eta halako erronkek lanean jarraitzera bultzatzen dutela aitortu du. Eguneroko lanaren fruituak jasotzen direnean, momentu bereziak bizitzen direla dio: "Maila igoera bat lortzea, final bat jokatzeko aukera izatea, txapelketa batean bigarren egitea... Horiek denak dira bizipen gogoangarriak. Eta denetan politena? Taldekideekin lorpena ospatzea eta taldean sortzen den giroa".

Ereduen garrantzia

Agirrek ez dauka NBAko edo Euroligako izar handien izenak ahotan ibiltzeko ohiturarik, bere inspirazio iturriak gertuko saskibaloi jokalariak izan direlako beti. Bereziki, Aritz Aldalur nabarmendu du: "Entrenatzaile bezala azpimarratuko nuke Aritz, eta gainera, etxekoa da, niretzat erreferentea. Zorteduna izan naiz hura ondoan izan eta harengandik ikasteko aukera izan dudalako". Hain zuzen, Agirreren ibilbideko oinarri sendoetako bat bihurtu da Aldalur. 

Entrenatzaile ona izateko "erreferente ez ezik, enpatikoa" izan behar dela uste du, jokalariei gauzak ulertzeko tresnak ematen jakin behar dela eta talde kohesioa lortzen saiatu. Hain zuzen, ISB taldearen "indargune nagusietako bat kohesioa" dela esan du: "Taldeak talde gisa ez badu funtzionatzen, jokalari onenek ere ez dute balio. Kantxatik kanpoko harremanek garrantzi handia dute".

Eta saskibaloi jokalari batek izan beharreko zer balio dira garrantzitsuak Agirrerentzat? Gaitasun teknikoa, jarrera, lana... Guztiaren konbinazioa behar da haren ustez, baina batez ere, jarrera eta esfortzua azpimarratu ditu. "Talentua izan dezakezu, baina lanerako gogorik ez baldin baduzu, alferrik da dena. Entrenamendu eta partida bakoitzean dena ematen duten jokalariak dira benetan estimatzen ditudanak".

Ez dauka amets zehatzik, ezta helburu jakinik ere: "Niretzat saskibaloia hobby-a da. Datorrena gustura hartzen dut. Beti egongo naiz saskibaloiari lotuta, goiko taldearekin ez bada, gazteekin; talde bat ala bestea entrenatzen, ziur". Aurrera begirako anbiziorik ere ez dauka, ez behintzat ohiko zentzuan. "Ez daukat aurrera begirako helburu zehatzik", adierazi du argi. Bere ilusioa ez da mailaz igotzea edo klub handiagoetara joatea, lana gustura egin dezakeen talde batean aritzea nahi du: harentzako hori da benetako arrakasta. Gogoa du, ordea, entrenatzaile lanetan hazten eta hobetzen jarraitzeko, eta badaki zein den talde bat gidatzerakoan bere buruari jartzen dion erronka nagusia: "Zailena da jokalari bakoitzak bere rola onartzea eta talde barruan bere tokia bilatzea. Entrenatzaileok horretan lagundu behar dugu, jokalari bakoitzari taldeari non eta nola lagun deizaiokegun ulertarazten".

Ezagutzak partekatzea eta belaunaldi berrientzat erreferente izatea garrantzitsua da azpeitiarrarentzat. Izan ere, entrenatzaile izatearen alde gizatiarra da gehien motibatzen duena. "Saskibaloitik haratago doan zerbait da: konfiantzan, errespetuan eta helburu partekatuetan oinarritutako bidea da". Saskibaloia, beraz, ez da kirol hutsa Agirrerentzat: lotura emozionala, harremanetarako tresna, bizitzeko modu bat... Eta batez ere, beste inon topatu ez duen pasioa da kirol hori harentzat.

Motzean

Adina: 35 urte
Ikasketak: Informatika modulua eta saskibaloiko entrenatzaile tituluak.
Lanbideak: Trokelatzailea eta entrenatzailea.
Saskibaloi entrenatzailea ez banintz… trokelatzailea izango nintzateke.
Lanetik ateratzean gogoko dut… mendira joatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide