Langile azpeitiar bat hil zen astearte arratsaldean, 17:30 aldean, Mendigurenen (Araba) izandako lan istripuan. Ertzaintzak Gukari adierazi dionez, lantegi bateko teilatua konpontzen ari zela, estalkia hautsi eta zazpi bat metroko altueratik erori zen 57 urteko behargina. Larrialdi zerbitzuak istripuaren lekura joan baziren ere, ezin izan zuten hura suspertu.
Urtea hasi zenetik 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian, ELAk jakinarazi duenez; Araban, bost, zehazki. Sindikatu horrek babesa eskaini die hildakoen senideei, eta lan munduan hain errotuta dagoen prekarietateak beste langile bat hil duela esan du. Besteak beste, sindikatuak salatu du langile autonomoek lan jardun amaigabeak egin behar izaten dituztela, eta lan arriskutsuak bakarrik eta babes neurririk gabe.
LAB sindikatuak ere doluminak eman dizkie hildakoaren senideei eta gertukoei, eta era berean, sindikatu horrek azpimarratu du halako istripu asko gertatu ohi direla eta altueretatik erorketak gertatzea saihesteko neurriak hartu behar direla. Bestalde, langile autonomoek lan osasunaren arloan neurriak hartzeko dituzten zailtasunak aipatu ditu LABek; izan ere, haren arabera, kasu gehienetan behargin horiek ez ditu kontuan hartzen Prebentzio Legeak. Halaber, horien lan dinamikak, askotan, lan arriskuen prebentzioari behar adina denbora ez eskaintzea eragiten diela ere esan du LABek.