Saharako umeak iritsi dira herrira

Aitziber Arzallus 2025ko uzt. 17a, 15:45

Saharako 213 ume gaur iritsi dira Euskal Herrira, horietatik 30 Daralhi elkartearen bidez. Hamar umek Azkoitiko, Azpeitiko, Zumaiako eta Zestoako familiekin igaroko dute uda; beste hogeik, berriz, elkarte horrek kudeatzen dituen Larrabetzuko (Bizkaia) udalekuetan egingo dute egonaldia.

Urtero legez, baina aurten inoiz baino beranduago, Saharako umeak gaur iritsi dira Euskal Herrira, Oporrak Bakean egitasmoari esker. Hain zuzen ere, 213 haur etorri dira uda pasatzera, basamortuko eta kanpalekuetako bizi baldintza gogorretatik urrun. Ume horietatik guztietatik hamar, Darahli elkartearen bidez etorri dira Azkoitiko, Azpeitiko, Zumaiako, eta Zestoako familietara. Beste hogeik, berriz, elkarteak kudeatzen dituen Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuetan pasatuko dute uda.

Eguerdian iritsi dira Azkoitira, baina harrera ekitaldi ofizialak datozen egunetan egingo dizkiete herriz herri. Uztailaren 21ean eta 22an Zumaian eta Zestoan egingo diete harrera, hurrenez hurren; eta uztailaren 26an eta 27an, berriz, Azpeitian eta Azkoitian. Gainera, egun horietan, berez Larrabetzuko udalekuetan dauden haurrak ere eskualdeko familietan geldituko dira lotan. 

Hona hemen ongietorri festen egitaraua: 

Uztailak 26, larunbata, Azpeitiko plazan

  • 11:30. Harrera ekitaldia. 
  • 12:30. Haurrentzat jolasak eta tailerrak.
  • 14:30. Bazkaria.
  • 17:00. Apar festa.

Uztailak 27, igandea, Azkoitiko plazan

  • 11:00. Haurrentzat jolasak eta tailerrak.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 16:30. Perkusio tailerra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide