Plaza bete jende jokatu dira Gaztetxearen futbito txapelketako finalak

Nerea Uranga 2025ko uzt. 19a, 08:30

Kebapeko Durume izan da kopako txapelduna eta Beti Gazte taldea ligakoa. Gaurkoan festa egun handia izango dute Azpeitiko Gaztetxearen 20. urteurrenaren barruan egun osoko egitarauarekin, tartean baltsa jaitsiera egingo dute.

Azpeitiko Gaztetxearen 20. Urteurreneko egitarauaren barruan jokatu den futbito txapelketaren Kopako eta Ligako finalak jokatu zituzten atzo iluntzean, plazan. Futbitorako joko zelai bihurtu zen plaza pare bat orduz, plaza jendez beteta zela. Belaunaldi guztietako herritarrak bildu ziren finaleko bi partidak ikustera eta jokalariak animatzera.

20:00etan hasita, Kopako finala jokatu zuten Ende Gelande eta Kebapeko Durume taldeek. Kopa Kebapeko Durume taldeak irabazi zuen 4 eta 1 finaleko partida irabazita. 

Segidan, 21:00etan, ligako finaleko partida jokatu zuten Beti Gazte eta Txapai Fuola taldeen artean. Aurtengo ligako txapeldunak Beti Gaztekoak izan ziren 3 eta 1 irabazita finala.

Bi finalak jokatu bitartean, parrillada egin zuten plazan Gaztetxeko kideek, eta nahi zuten herritar guztiek izan zuten parrillan erretako jakiak dastatzeko aukera.

Futbito txapelketa bukatuta, 20. urtemugaren ospakizuneko egun handia dute gaur Azpeitiko Gaztetxekoek, goizetik iluntzera arteko egitarau betearekin. Goizean, baltsa jaitsieran parte hartuko duten kuadrillen baltsak jarriko dituzte erakusgai plazan, eta eguerdian Azoka Plaza aldamenetik baltsak uretaratuko dituzte, Gaztetxera artean jaitsiera egiteko.

Bazkaritarako plaza hartuko dute Gaztetxekoek urteurren borobilean. Bazkalostean banatuko dituzte baltsa jaitsierako sariak.

Arratsaldean, festak segida izango du kalean karropoteoarekin. 20:00etan zabalduko dute Gaztetxea. Urteurren ospakizunak bukatzeko, Istilu, Verrater eta Labankada taldeak igoko dira Gaztetxeko agertokira kontzertuak eskaintzeko

Gaur, zapatua.

  • 11:30. Baltsa erakustaldia eta hamaiketakoa plazan.
  • 12:00. Baltsa jaitsiera.
    Gaia: Gaztetxea vs...
  • 14:30. Bazkaria, plazan.
  • Ondoren, sari banaketa.
  • 17:30. Karropoteoa.
  • 20:00. Gaztetxearen irekiera.
  • 20:30. Kontzertuak: Istilu, Verrater eta Labankada.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide