Suteen kontra homologatutako fatxadak Kanadan eraikitzeko akreditazioa lortu du Tecnaliak

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 19a, 10:36

Sute saiakuntza bat, Tecnaliaren Azpeitiko laborategian. (Tecnalia)

Aurrerantzean, Kanadan eraikiko dituzten higiezinen fatxadek suteen aurrean duten erresistentzia probatuko dute Azpeitiko laborategian.

Azpeitiko laborategian suteen saiakuntza gainditzen duten fatxadak Kanadan eraikitzeko akreditazioa lortu du Tecnaliak. Horri esker, eraikinetako suteen kontrako prozedura zorrotza duen herrialdera zabalduko du bere irismena.

Tecnaliak eskala handiko suteak era kontrolatuan pizten ditu Azpeitian duen laborategian, eraikinen fatxadek horrelako egoera baten aurrean duten erresistentzia probatzeko. 2018an hasi zen enpresa eskala handiko suteen saiakuntzak egiten eta, ordutik, 22 enpresa baino gehiagorekin lan egin du, europarrak gehienak.

Eraikinen suteen kontrako prozedurei dagokionez, oro har, Europako herrialdeek baino arau zorrotzagoak dituzten Estatu Batuetan eta Kanadan, eta aurrerantzean, bi herrialde horietan jarduteko modua izango du Tecnaliak. Duela gutxi eskuratu zuen Estatu Batuetan lan egin ahal izateko akreditazioa, eta Kanadan jardutekoa lortu du orain. Arautegi horietara egokitzeko gaitasuna duen Europako laborategi bakarra da Azpeitikoa.

Tecnaliak azaldu duenez, kreditazio berriak aukera ematen du Kanadan eraikuntzan erabiliko dituzten inguratzaile-sistemak baliozkotzeko, altuera handiko eta eraikin berezietako segurtasuna bermatzeko. Horretarako, fatxadako sistemek suteen aurrean duten portaera ebaluatzen dute Azpeitian, eraikinaren oinarrian sutea dagoela simulatuz eta sugarren hedapena, bero-fluxua eta sua eraikinaren barrura sartzeko aukera aztertuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide