Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga zinegotziak Azpeitian etxebizitza larrialdiari aurre egiteko hartutako neurriak aurkeztu dituzte Herrialde Katalanetan, Compromis alderdiaren gazteen adarrak gonbidatuta.
Alderdi horrek Alacanteko Beniaberg herrian antolatu dituen Trobada Nacional d’Estiura (udako topaketa) izeneko jardunaldian izan dira Azpeitiko Udaleko ordezkariak gaur goizean, larunbata. Un dret com una casa lelopean, etxebizitzaren gaia lantzen ari dira uztailaren 18tik 20ra bitartean egiten ari diren topaketetan, eta, besteak beste, etxe hutsak merkaturatzeko Azpeitian martxan jarri duten plana izan du hizpide Nagore Alkortak.
Azpeitiko ordezkariez gain, Vicent Marzà eurodiputatuak, Mari Jose Calabuig Valentziako Gorteetako diputatuak eta Diego Zaragozi Alteako alkateak ere parte hartu dute gaurko saioan.