Gaur goizaldeko laurak aldera, poliziaren eta herritar talde baten arteko istiluak izan dira Enparan kalearen eta Plaza Txikiaren inguruan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, herritar horien kontrako eginbideak abiatu ditu. Azpeitiko Gaztetxeak, berriz, "poliziaren gehiegikeria" salatzeko elkarretaratzea egingo du gaur, 18:30ean, plazan.
Ertzaintzak emandako azalpenen arabera, patruila batek gazte bat identifikatu du kalean pintaketak egiteagatik, eta agenteak herritar horri zigorra jartzear zirela, "gazte talde handi bat" Udaltzaingoaren egoitzaren aurrera hurbildu da. Polizia erakunde horren arabera, herritar horiek "eraso egin diete" han zeuden agenteei, eta Ertzaintzaren patruila gehiago azaldu dira "lankideei laguntzera" eta "egoera bideratzen saiatzera".
Azkenean, Azpeitiko Udaleko zinegotzi batek egin ditu bitartekari lanak, eta liskarra amaitu egin da. Bi ertzain arin zauritu dituztela jakinarazi du polizia erakundeak, bere aldetik. Ertzaintzak eginbideak abiatu ditu liskarrean identifikatu dituzten herritarren kontra, eta horiek, amaitutakoan, agintaritza judizialera eramango dituztela jakinarazi du.
Azpeitiko Gaztetxeak, berriz, "poliziaren gehiegikeria" salatu du, eta elkarretaratzea deitu du gaurko, 18:30erako, Azpeitiko plazan.