"Erabilerrazagoa, argiagoa eta erakargarriagoa". Hala definitu du Azpeitiko Udalak gaur, astelehenez, itxuraldatuta kaleratu duen Azpeitia.eus webgune berria. Erakundeak erabiltzaileen nabigazioa errazteko eta horiei informazioa modu argiagoan helarazteko berritu du webgunea. Udalaren arabera, atari berriak egitura garbiagoa, diseinu erakargarriagoa eta antolaketa intuitiboagoa dauka. Codesyntax enpresak egin du haren garapena.
Mikel Odriozola zinegotziak azaldu duenez, "zaharkituta" zegoen aurreko webgunea. Berrituta, baina, erabiltzaileei informazioa errazago eskuratzen eta izapideak errazago egiten lagundu nahi die udalak. "Eguneratu aurretik, udaleko sail guztietako langile denen ekarpenak jaso ditugu, lanerako ere erosoagoa izan dadin webgunea", azaldu du Odriozolak.
Euskara du ardatz webguneak, baina eduki guztiak bost hizkuntzatan jaso ahal izango dituzte erabiltzaileek. Hain zuzen ere, Elhuyarren Elia itzultzaile neuronala tarteko, euskaraz jasotako edukiak gaztelaniara, frantsesera, ingelesera, katalanera eta galegora itzulita eskuratu ahal izango dituzte hala nahi duten herritarrek.
Halaber, gailu mugikorretarako egokitutako diseinua du webgune berriak; are, eskuko telefonoetako nabigazioa erdigunean jarrita egin du atariaren garapena Codesyntaxek. Gainera, udalak 2023an berritu zuen irudi korporatiboa kontuan hartuta egin dute diseinua, erakundeak zehaztu duenez.
Atal ugari ditu webguneak, eta ataria garatzen jarraitu nahi dutela azaldu dute udal ordezkariek. Zehazki, gaur-gaurkoz, informazioa jasotzeko moduaz gain, ordainketak egiteko, aretoak erreserbatzeko nahiz diru laguntza eskaerak gauzatzeko aukera eskaintzen du udalaren atariak. Dena den, erakundeak azaldu duenez, beste zenbait zerbitzu ere eskaini nahi ditu atarian, hala nola artxiboko argazki zaharren kontsulta zein izen-emateak egiteko aukera.