Ostiraletik igandera, Azpeitia eta Lasao artean lau bidaia egingo ditu lurrun trenak

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 23a, 07:50

Lurrun trena Lasaora bidean.

Asteburuko ohiko bidaiez gain, Santio eguna jaieguna denez, ostiralean ere izango da lurrun trenean ibiltzeko aukera. Burnbidearen Euskal Museoa ere bisitatu ahal izango da egun horietan.

Euskotrenek kudeatzen duen Burdinbidearen Euskal Museoan lau lurrun tren jarriko dituzte zirkulazioan uztailaren 25etik 27ra bitartean. Denboraldi erregularraren barruko joan-etorriak izango dira horiek, baina Santio eguna jaieguna denez, ostiralean ere izango da lurrun trenean ibiltzeko aukera.

Hain zuzen ere, Burdinbidearen Euskal Museotik Lasaora joan-etorria egin ahal izango dute herritarrek: uztailaren 25ean, 12:00etan; uztailaren 26an, 12:00etan eta 17:30ean; eta uztailaren 27an, 12:00etan.

Halaber, museoa zabalik izango da egun horietan, eta hala nahi duten bisitariek Europako tren bildumarik onenetarikoa ikusi ahal izango dute. Besteak beste, lurrun trenen makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak nahiz bagoiak bisitatzeko parada izango dute horiek. Horrez gain, makina erreminta multzo zahar bat eta XIX. mendearen bukaeraz geroztik trenbideetan erabilitako uniformeak eta tren erlojuen bildumak ere bai.

Uztaila bukatu bitartean eta abuztuan museoko instalazioak zabalik izango dira asteartetik larunbatera, goizetan, 10:30etik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:30era. Igandeetan eta jaiegunetan, aldiz, 10:30etik 14:00etara izango dira irekita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide