Azken asteetan gizon bat estali gabeko igerilekuan zeuden adin txikikoak behatzen eta grabatzen aritu dela salatu dute gaur, asteazkena, Urola Erdiko Itaiak eta estali gabeko igerilekuko sorosleek. Euskal Herriko emakumeen antolakunde sozialista izan da gertaeren berri eman duena, sare sozialetan publikatu duen bideo argitalpen baten bidez.
Bai sorosleek, bai Itaiakoek, gogorarazi dute igerilekuetan jazotakoa ez dela "kasu isolatu bat"; izan ere, halako kasu gehiago izan direla adierazi dute. Hain justu, gogoan izan dute iaz Azpeitian ospatu ziren Kilometroetan gizon bat hainbat adin txikiko grabatzen aritu zela. Horrez gain, isilpean geratzen direnak ere ezin direla "ahaztu" nabarmendu dute haiek.
Egoeraren "larritasuna" ikusita, eraso matxista guztiak gaitzetsi dituzte eta "erasotzaileei aurre" egiteko beharra azpimarratu dute. "Erasoen aurrean irmoki erantzutea ezinbestekoa da, aurrera begira eraso gehiago gerta ez daitezen bermatzeko. Zentzu horretan, ezin dugu ahaztu guztion ardura dela halako erasoren bat ikusten badugu jarrera aktiboa edukitzea", azaldu dute.
Inork halako beste erasoren bat ikusten badu, igerilekuko sorosleengana edo harrerako langileengana eta Itaiakoengana jotzeko eskatu dute sorosleek eta antolakunde sozialistako ordezkariek. Erasoei "guztien artean aurre" egiteko deia egin dute, era berean.
Azpeitiko kanpoko pistinako sokorristak, Urola Erdiko Itaiakin batea, azken astietan Azpeitiko kanpoko pistinan gizon bat adin txikikuk behatzen ta grabatzen jardun dala salatzie nahiko genuke.
— Urola Erdiko Itaia (@Itaia_urolaerdi) July 23, 2025
Guztioi dagokigu erason bat ikuste badeu, jarrera aktibue eukitzie. pic.twitter.com/bH1szcT5IN