Nolatan aukeratu duzu Xarrondo Behekoa baserria elkarrizketarako?
Instalazioak estimatzen ditut; azken urteetan dezente ibili naiz hemen, ukuilu honetako kudeaketa klinikoaz eta erreproduktiboaz arduratu naiz. Hemengo bi semeek baserritik eta baserrian jarraitzeko erabakia hartu dute. Erabaki horren ondorenean, gauzak egokiago egin nahian eta beraien bizimodua erraztu nahian, ukuilu berri batekin hasi dira lanean. Gaur-gaurkoz, ez dut uste Gipuzkoan ukuilu asko ariko direnik hobekuntza horiek egiten.
Zerk lotu zaitu albaitaritzarekin? Baserrian sortu zara zu?
Nire aita eta ama, biak, baserrikoak ziren. Aita Aiako Olasoro baserrikoa da; beraiek ere jarraitzen dute esnetarako behiekin. Ama Meagaskoa da. Baserri horretan egoten ginen umeak ginenean. Beraz, baserri mundua jaiotzatik sentitu izan dut. Gero, albaitaritza ikastearen arrazoi nagusia nire interesa izan zen, baina baita zirkunstantzia ere.
Zergatik?
Bere garaian Argentinako La Pampara joan nintzelako. Han aukeratu nuen albaitaritza egitea, zegoen eskaintzarengatik. Eta han ikasi nuen albaitaritza. Esperientzia hartako oroitzapen onak gordetzen al dituzu? Oroitzapen asko ditut, eta lotura asko mantentzen ditut oraindik ere Argentinarekin. Itzuli nintzenean, argentinoa esaten zidaten hemen, gazteleraz ukitu argentinarra nuelako.
Zenbat denbora egin zenuen han?
Bost urte pasa. 1980ko urtarrilean joan nintzen eta 1985ko uztailean bueltatu. Presionatuta egin nuen buelta. Garai militarrean joan nintzen, eta lehenengo urte eta erdian desertore izan nintzen. Turista bisarekin joan nintzen, eta ikasketak egiten gelditu behar nuenean, soldaduska egitera bueltatzea exijitu zidaten. Ez nuenez onartu, desertorea izan nintzen nire egoera kontsulatuan erregularizatu nuen arte.
Egoera horrek presionatuta egin behar izan zenuen buelta, beraz?
Ez hainbeste. Emigrante batek jasaten dituen bizi esperientziek bultzatu ninduten itzultzera. Argentinako bertsolariek, payadoreek, badute poesia puntu bat, eta batek horrela kantatu zuen: hacé como el ratón, consérvate en el rincón donde empezó tu existencia, vaca que cambia de querencia se atrasa en parición [Saguak bezala egin ezazu, gorde zaitez zure existentzia hasi zen txokoan, nahia aldatzen duen behia erditzean atzeratzen da]. Hori ulertzeko baserri mundukoa izan beharra dago, baina esan nahi zuen lekuz aldatzen den landareak edo ganaduak atzerapen bat jasan behar izaten duela.
"Albaitari berrien artean ez da %10era iritsiko baserri munduan lan egin nahi duen jendea. Baserritarra akitzen ari den bezala, baserrietako albaitariak ere gastatzen ari dira"
Nolakoa izan zen itzulera?
Uztailean bueltatu nintzen eta abuztuan soldadu eraman ninduten; baldintza hori jarri zidaten. Hamahiru hilabete egin behar izan nituen soldadu.
Libratu zinenean hasi zinen albaitari moduan lanean?
Dena batera gertatu zen. Ostegun batean etorri nintzen trenez Coruñatik [Galizia], eta igandean elkarrizketa bat egin nuen Lurgintzakoekin. Lurgintzak ez zuen lehiarik garai hartan, orain badaude halako gehiago; Abelur, adibidez. Orduan albaitarien egituraketa bat egiten ari ziren, eta langileak behar zituzten. Hiru urte egin nituen Lurgintzan, eta ondoren, autonomo bezala hasi nintzen; Lurgintzarentzat egiten nuen lan, baina enpresatik kanpo lan egiteko aukera ere izan nuen.
Lurgintzak indar handia zuen garai hartan, eta zortea izan nuen, zeren falta zitzaidan esperientzia berehalakoan hartu nuen, euri zaparrada bat bezala erori zitzaidan gainera. Beti pentsatu izan dut lanbide egokia izan dela niretzat: hiperaktiboa naizelako, lan fisikoa gustatzen zaidalako eta ekoizpena nahiz zaintza uztartzen dituelako.
Baserriko eta kaleko munduak elkarrengandik gertu ala urruti ikusten dituzu?
Gaur egungo kaletarra gutxi ibili da baserrian, kontaktu gutxi izan du ganaduarekin. Lehen baino askoz urrutiago daude baserria eta kalea, oraingo neska-mutilek ez dakite zer den behi bat jeztea edo kakaz zikintzea.
Kliniketako albaitarien aldean, balio gutxiago ematen zaizue ganaduarekin aritzen zareten albaitarioi?
Txakur bati egindako zesarea bat 500-600 euro kobra dezakete klinikan, eta nik sekula ez dut kobratu behi baten zesarea 250 euro baino gehiago. Klinikek duten balorearen laurdena dugu guk. Pentsatu behar duzu egoera txarretan guri deitzen digutela, adibidez, gauez, behi bat erditzen ari delako. Erabakitzen duzunerako zesarea bat egitea, ziur aski, ordubete edo bi egin dituzu lanean, eta beste pare bat ordu egingo dituzu operatzen. Ez daukagu mahai bat behi bat manejatzeko: behia ukuiluan egon daiteke, ala larrean, eta behi hori mugitu behar duzu. Lan zaila da. Esnetarako erabiltzen diren animaliak egokiak dira gizakion eskurako, baina haragitarako erabiltzen direnekin lan egitea arriskutsuagoa da. Hau guztia dela eta, albaitari berrien artean ez da %10era iritsiko baserri munduan lan egin nahi duen jendea. Baserritarra akitzen ari den bezala, baserrietako albaitariak ere gastatzen ari dira.
Errelebo falta dago, orduan?
Falta handia dago, bai. Baserri berririk ez dago; kontrakoa, Gipuzkoan urtero-urtero galtzen dira baserriak. Zalantzarik gabe, gainbeheran dago sektorea. Lanbide honetan nintzenean, esnea egiten zuten 49 baserri ingururekin egiten nuen lan; bada, horrelako zortzirekin bukatu dut.
"Beti pentsatu izan dut lanbide egokia izan dela niretzat: hiperaktiboa naizelako, lan fisikoa gustatzen zaidalako eta ekoizpena nahiz zaintza uztartzen dituelako"
Ez da denbora asko Arrasaten (Gipuzkoa) mingain urdinaren foku bat hauteman zutela. Tokatu al zaizu antzeko egoerarik?
Orain dela 30 urte pasa, behi-peripneumonia, Gipuzkoan azaldu zen bakarra, nik atzeman nuen Azpeitiko Miranda baserrian, Torrelavegatik [Espainia] ekarritako behi batean. Bestalde, orain dela hiru urte, lehenengoetakoa izan nintzen gaitz hemorragiko epizootiko berriaren parte ematen.
Lau hamarkadaren ostean, erretiroa hartuko duzu. Gogoz edo penaz?
40 urte pasatu ditut lanean gaixo baimen bat hartu gabe, eta bajan nago orain, bihotzeko gaitza kolpean etorri da eta. Banuen pixka batean jarraitzeko intentzioa, baina medikuek ez dute ni lanean hasteko presa handirik. Hala ere, ontzat ematen dut bizi izan dudana eta iruditzen zait lana lagatzeko modu hau oso egokia dela. Zeren, honek esan dit: "Geldi!". Jakin behar da inor ez dela nahitaezkoa eta utziko dugun hutsunea ederki beteko dutela beste batzuek. Geratzen zait malenkonia puntu bat eta inbidia sanoa. Orain, egin dezatela gazteek.