Imanol Arizmendi aurrena izan zen atzo, zapatua, Vielha Cycling Tour Val d’ Aran (Aran ibarra, Okzitania) txirrindularitza proban. 150,7 kilometro eta 3.739 desnibel positiboko bideari egin behar izan zioten parte hartzaileek, eta iaz bezala, Azpeitian bizi den azkoitiarrak eskuratu zuen lasterketako maillot berezia. Txirrindularien martxa bat da izatez proba, baina egunean zehar txirrindulariek igaro behar izaten duten Portilhon mendatean denbora hartzen dute antolatzaileek, eta iaz bezala, atzo ere Arizmendik eta Haimar Zubeldiak egin zuten denbora onena.
Atzo ere iazko denboretan ibili ziren, gainera, bi txirrindulariak. Iaz, 05.06.57 denbora egin zuten haiek, eta aurten, 25 segundo gutxiago, 05.06.32 denbora. 2024an bezala, Zubeldiarekin elkarbanatu zuen lehen postua Arizmendik; hirugarren, berriz, Marc Romero sailkatu zen, aurreneko biek baino hamar minutu gehiago behar izan zituen-eta helmugara iristeko.