Aizkoran eta harri jasotzen, Gipuzkoako txapelak jokoan izan ziren joan den asteburuan. Eta, txapelik irabazi gabe, baina podiumera igo ziren bietan azpeitiarrak.
Podiumaren bigarren koska zapaldu zuen, hain zuzen, Mikel Larrañagak zapatuan Astigarragan. Eneko Otaño beizamarrak jantzi zuen Gipuzkoako txapela, eta haren ondoren sailkatu zen Larrañaga; 30.34,23 behar izan zituejn Otañok lanak osatzeko, eta ia minutu bat gehiago (31.32',80) azpeitiarrak. Xabier Zalduak osatu zuen podiuma (34.05',57). Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Ugaitz Mugertzak eta Jokin Urretabizkaia Basazabal-ek osatu zuten sailkapena
Aiako Santio Errekan, berriz, Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten ostiralean. Zazpi harri jasotzaile aritu ziren nor baino nor: Udane eta Elene Ostolaza ahizpa oriotarrak, Olaia Esnaola azpeitiarra, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta zarauztarrak, Malen Morandeira eta Goizeder Abendibar.
Harri jasotzaileek 62,5 kiloko hiru harrirekin –zilindroa, kubikoa eta bola– bi minutuko txandak egin zituzten. Iaz bezala, txapela Zumetak jantzi zuen, 84 altxaldirekin eta guztira 5.250 kilo jasota. Bigarren Osa izan zen, 81 altxaldirekin eta 5.062,5 kilorekin; eta hirugarren Esnaola, 79 altxaldirekin eta 4.937,5 kilorekin. Horrenbestez, iazko podium bera izan du aurten ere Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketak eta, gainera, aurreneko hirurek ondu dituzte iaz egin zituzten markak.