Lurrun trenak sei bidaia egingo ditu uztailaren 31tik abuztuaren 3ra bitartean

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 29a, 11:00

Hainbat bidaiari lurrun trenean.

Etzi bidaia bat egingo du lurrun trenak, ostiralean eta larunbatean bina, eta igandean, ostera, beste bat. Museoa zabalik izango da, gainera, egun horietan, eta bisitariek hainbat bilduma ikusteko aukera izango dute.

Burdinbidearen Euskal Museoan lurrun trenean ibiltzeko aukera izango da datozen egunetan ere. Hain zuzen, San Inazio egunetik abuztuaren 3ra bitartean sei bidaia egingo dituzte horiek Azpeitia eta Lasao artean.

Etzi, San Inazio eguna, jaieguna denez, 12:00etan aterako da trena museotik. Ostiralean, berriz, hilaren 1a izanik, abuztuko eskaintzarekin hasiko dira, eta bi bidaia egingo dituzte trenek; 12:00etan eta 17:30ean aterako dira. Halaber, zapatuan ere bi bidaia egin ahal izango dituzte bisitariek, 12:00etan eta 17:30ean; eta igandean, berriz, 12:00etan hasiko da bidaia.

Bestalde, museoa zabalik izango da egun horietan, eta hala nahi duten bisitariek Europako tren bildumarik onenetarikoa ikusi ahal izango dute. Besteak beste, lurrun trenen makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak nahiz bagoiak bisitatzeko parada izango dute horiek. Horrez gain, makina erreminta multzo zahar bat eta XIX. mendearen bukaeraz geroztik trenbideetan erabilitako uniformeak eta tren erlojuen bildumak ere bai.

Uztaila bukatu bitartean eta abuztuan museoko instalazioak zabalik izango dira asteartetik larunbatera, goizetan, 10:30etik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:30era. Igandeetan eta jaiegunetan, aldiz, 10:30etik 14:00etara izango dira irekita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide