Abuztuaren 4tik 8ra bitartean Urola ibaian landaredia arintzeko lanak egingo ditu Ura agentziak. Azoka Plazatik Enparan kalera arteko eremuan esku hartuko dute batik bat, Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez. Lan horiek ibaiko "balio ekologikoa ahalik eta gehien mantenduz", eta emari hidrologikoa hobetzeko helburuarekin egingo dituzte.
Azpeitiko Udalak azaldu du "aberastasun ekologiko handia" duela Urola ibaiak. "Herri erdigunea zeharkatzen duen eremua bera ere, izaki bizidun askoren bizilekua da. Alabaina, azken urteotan asko hazi da ibaiko landaredia, eta kezka ere sortu da, batik bat uholde arriskuari begira", adierazi du erakundeak.
Landaredia arintzeko lanak egitea erabaki aurretik, udalak Basoinsa enpresarekin azterketa bat egin du ibaiko landaredia horrek uholdeetan izan dezakeen eragina ikertzeko. Izan ere, ibaiaren "emari hidrologikoa hobetzea" da udalaren helburua, baina "ibaiaren balio ekologikoa (fauna eta flora) ahalik eta gehien mantenduz".
Ikerketa horren emaitzaren ondorioak Ura agentziarekin partekatu ditu udalak, eta hark ere begi onez ikusi baitu ibaiko landaredia arintzea. Azterketako emaitzak kontuan hartuta, lehentasun handieneko eremutzat jo dutena Azoka Plazatik Enparan kalera arteko ibaiaren zatia izan da, eta bertan egingo du lehenengo esku hartzea Ura agentziak, abuztuaren 4tik 8ra bitartean.
Ibaian zer-nolako lanak egiteko asmoa duten ere azaldu du udalak, zein espezie kenduko eta kimatuko dituzten zehaztuz: "Besteak beste, bertakoak ez diren espezieak kenduko ditu, hala nola hamarren bat platanondo ale. Horrez gain, zuhaitzak bi metro ingurura arte kimatuko ditu, urak handi datozenean ibaiak dakarrena beheko adarretan katigatuta geratzeko arriskua gutxitzeko; izan ere, adarretan gauzak katigatzea arriskutsua izan daiteke, zuhaitza eror daitekeelako edo katigatutakoa kolpera libratuz gero, zerbait tapatu dezakeelako (adibidez, zubia). Ibaian dagoen hildako egurra ere kenduko du Urak abuztuko lehen astean".
Herritarrekin bilera, irailean
Datorren astean Urola ibaiko landaredia arintzeko egingo dituzten lanez gainera, Ura agentziak Azpeitiko Udalarekin elkarlanean plangintza bat egiteko asmoa du datozen hilabeteetarako. Gaiak herritarren artean sortzen duen interesa kontuan hartuta, plangintza hori jendaurrean aurkeztuko dutela aurreratu du udalak. Irailerako aurreikusi dute aurkezpena.