Emaitza "oso positiboak" lortuta bukatu du Izarraitz igeri elkarteak denboraldia, eta alde horretatik gustura dago Isaac Pousada (Donostia, 1989) entrenatzailea. Espainiako Txapelketako maila guztietan lehiatu dira Izarraitzeko igerilariak, eta hori aurten ezagutu du aurrenekoz Pousadak, hala adierazi du: "Zortzigarren denboraldia egin dut Izarraitzen, eta aurreneko urtea da Espainiako Txapelketaren maila guztietara igerilariak eraman dituguna". Horrez gain, Euskal Herriko Kopan nesken lehenengo taldearen seigarren postua nahiz mailaz igotzea lortzea eta mailari eustea azpimarratu ditu Pousadak.
Klubaren emaitzekin batera, Julen Eizagirre (Azpeitia, 2012) eta Malen Ezama (Azpeitia, 2011) igerilariek "denbora esanguratsuak" erdietsi dituztela azpimarratu du entrenatzaileak. "Espainiako Txapelketan kimuen mailan Julenek lau domina eskuratu ditu. Malenek, aldiz, ezin izan zuen jokatu txapelketa, gaixotu egin zelako. Biek ala biek, ordea, marka onak lortu dituzte".
Lanik gabe ez dago emaitza onik lortzerik igeriketan, eta horretan ez daukate akatsik Eizagirrek eta Ezamak, Pousadaren arabera: "Elkarteko beste igerilari batzuk bezalaxe oso langileak dira biak eta saiatu egiten dira esandakoa egiten. Entrenatzaileontzako errazagoa da horrelako jendearekin lana egitea. Oraindik gazteak dira, baina etorkizun ona dutela aurreikusten da. Hala ere, inoiz ezin da jakin gero zer pasatu daitekeen".
Gogoko lekuan...
Kirol indibiduala izan arren, "oso taldeko kirola" da igeriketa, Pousadaren arabera. "Azken batean, kirol bera gustatzen zaien kirolariak elkartzen dira eta elkar ulertzen dute. Astean sei egunetan entrenatzeko, hainbeste ordutan jarduteko, disfrutatu egin behar duzu egiten ari zaren horretan, bestela ezinezkoa da aurrera egitea", azaldu du. Gurpil batekin alderatu du entrenatzaileak igerilarien jarduna: "Gustura ari bazara zerbait egiten lana hobeto egiten duzu, eta lana hobeto eginda, emaitzak ere hobeak izango dira".
Gogoko tokian aldaparik ez, eta halaxe dabiltza igeriketan Eizagirre eta Ezama ere. Biak txiki-txikitatik dabiltza igerian eta "oso gustura" dabiltzala diote aho batez.
Txikitan igeriketarekin batera beste hainbat kirol probatu zituen Eizagirrek: "Judoa, pilota, bizikleta... Baina igeriketaren aldeko hautua egin nuen". Lehiatzea gustuko du, baina igerian entrenatzen ere oso gustura ibiltzen dela dio, nahiz eta astean bost egunetan entrenatu beharra izan duen azken urtean: "Kilometroak igerian egitea kostatu egiten da, baina gustura ibiltzen naiz. Gainera, klubean giro ona daukagu".
Kimuen mailan bikain lehiatu da aurten Eizagirre, esaterako, Espainiako Txapelketan lau domina eskuratu ditu. "Sufrituta, baina azkenean lortu genuen. Hala ere, txapelketako prozesuan ondo pasatu genuen. Espainiako Txapelketan 50, 100, 200 eta 400 librean lortu nituen dominak", dio igerilariak. Egindakoarekin oso gustura dagoela aitortu du, eta hori guztia klubaren aldetik jasotako laguntzagatik izan dela dio Eizagirrek.
Arantzatxoa
Ezamak ere azken denboraldian egindako denbora markekin gustura dago, baina Espainiako Txapelketan "esperientzia txarra" izan zuela dio. Infantiletan lehiatu du Ezamak azkeneko sasoian.
Txiki-txikitatik dabil Ezama ere igerian, baina ez du gogoan zenbat urterekin hasi zen Izarraitz igeri elkartean. Gaur egun, gimnastika erritmikoa eta igeriketa uztartzen ditu, bi kirolak dituelako gogokoak. "Gurasoek beti izan dute gustukoa igeriketa eta anaia ere ibiltzen zen igerian", azaldu du.
Aurtengo igeriketako saioa arantzatxo batekin bukatu da Ezamarentzako. Penaz kontatu du: "Ciudad Realen zen Espainiako Txapelketa, eta bost probatan parte hartu behar nuen, baina lautan ezin izan nuen leihatu. Gu geunden hotelean intoxikazio bat-edo gertatu zen eta bertan geunden igerilari gehienak gaixotu egin ginen. Esperientzia txarra izan nuen".
Espainiako esperientzia alde batera utzita, ordea, Euskal Herriko Txapelketan egindako lanarekin gustura dago Ezama, helburuak lortu zituelako. “50 metro tximeletan oso gertu neukan Euskal Herriko marka, eta hori haustea lortu nuen. Oso pozik gelditu nintzen”, kontatu du. Harentzako garrantzitsuena denboraldi osoan zehar "igerian gogoarekin" ibili izana da: "Gogoarekin eta gustura aritzea da inportanteena".
Modalitate gustukoenak bizkar eta tximeleta ditu Ezamak. "Aurten hasi naiz tximeleta gehiago praktikatzen eta oso gustura egiten dut".
Orain, klubetik oporrak izan arren, noizean behin igerilekura joatean direla aitortu dute bi igerilariek. "Entrenatzeko asmotan ez, jolasera bezala joaten naiz igerilekura, ondo pasatzera", esan du Ezamak. Eizagirrek, berriz, "gogoa" zeukalako Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian parte hartu zuen eta noizean behin igerilekura joaten da. "Ez dakit beste zeharkaldirik egingo dudan, ez daukat pentsatuta. Gainontzean, gogoa dudanean, igerilekura joango naiz igeri pixka bat egitera, denbora pasa".
Entrenatzaileak oporrik ez
Ziortza Torrontegi, Jone Goenaga eta Isaak Pousada dituzte entrenatzaileak Eizagirrek eta Ezamak. Azpeitiko igeri elkartekoek oporrak hartu dituzte, baina Pousadak lanean jarraitu beharra dauka: "Donostian beste igerilari talde bat entrenatzen dut, tartean, Iñigo Llopis Parisko Paralinpiar Jokoetan urrea eta brontzea lortu zituena. Datorren irailean Munduko Txapelketa jokatuko dute igerilari horiek, eta lanean jarraitu behar".
Atseden handirik hartu gabe itzuliko da irailean Pousada Izarraitz igeri elkartekoengana. Aurtengo emaitzak kontuan hartuta, hurrengo helburuak eta erronkak zeintzuk izango dituzten galdetuta honakoa dio entrenatzaileak: "Luzera begirako helbururik jartzea ez zait gustatzen, pausoz pauso aurrera egitea dut gogoko. Bestalde, taldeko helburuak jartzekoa gehiago naiz ni; alegia, Euskal Herriko lehen zortzi taldeen artean mantentzea eta talde onenetakoa izatea xede izatea. Gero, igerilari bakoitza hobetzen joatea izango da helburua, egunean eguneko lanarekin gustura egonez".