Azpeitiarrak, Boiseko Jaialdian

Ane Olaizola 2025ko uzt. 31a, 11:32

Trikilintxo taldea, Boiseko Jaialdian. (Trikilintxo)

Egitarau ofizialaren barruan, Mikel Larrañaga aizkolariak erakustaldia eskainiko du gaur Jaialdian, eta beren kabuz joan den Trikilintxo kuadrillan bada azpeitiarrik; talde horrek kontzertua eman du Boisen bertan. 

Euskal jatorriko amerikarrek bost urtero antolatzen duten Jaialdia egiten ari dira egunotan Boisen (AEB), eta ohikoa den moduan euskal komunitate zabala elkartu da Idahoko hiriburuan, euskal sustraiei omenaldia egiteko zein Euskal Herritik herrialde horretara joandako belaunaldiak gogoratzeko asmoz.

Tartean izango dira Euskal Herriko ordezkariak, hala nola politika, kultur eta kirol mundukoak. Horien artean da, esaterako, Mikel Larrañaga aizkolaria; izan ere, azpeitiarra aizkora erakustaldia eskaintzekoa da gaur, beste hainbat herri kirolarirekin batera.

Ordezkariak ez ezik, bisitari ugari ere erakartzen ditu Boseko Jaialdiak, eta hain zuzen, Azkoitiko eta Azpeitiko lagun talde bat ere joan da hara: Trikilintxo. Izenak dioen moduan, hainbat trikitilarik eta trikiti zalek osatzen dute taldea, eta bere kabuz joan da kuadrilla Jaialdira. Hain zuzen, kontzertu bat ere eskaini dute Trikilintxokoek Penggillys Salon aretoan, Basque Block gunetik 200 bat metrora.

Ezkerretik hasita, Mikel Larrañaga, Txikia IV.a, Iker Vicente eta Aitzol Atutxa aizkolariak, Boisen. (Jaialdi)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide