Asteartean Zizur Nagusian (Nafarroan) izandako hilketa matxista salatzeko kalera atera dira gaur eguerdian hamarkana herritar Urola Erdiko Itaiak deituta. Plazan zuten hitzordua jarrita 13:00etan, eta handik abiatuta martxa bat egin dute Alde Zaharrean barrena, Indarkeria matxistari orori aurre egin lelopean.
Itaiako kideek hilketa matxista gaitzetsi ez ezik, "indarkeria matxistaren adierazpen orori" aurre egiteko beharra nabarmendu dute. Horren harira, Azpeitia saninazioetan murgilduta dagoenez, jaietan indarkeria matxistaren askotariko formak ugaritu egiten direla azpimarratu dute, horiei guztiei aurre egitearen garrantzia nabarmentzearekin batera. Era berean, "babesa antolatzearen garrantzian" egin dute azpimarra. "Itaiako kideok festek irauten duten bitartean uneoro egongo gara erasoak gerta ez daitezen lanean, eta edozein erasori erantzuteko prest gaudela adierazi nahi dugu", nabarmendu dute Itaiako kideek, eta horrela amaitu dute gaur eguerdiko protesta Azpeitiko plazan.
Espainiako Berdintasun Ministerioak gaur baieztatu du Zizurkoa hilketa matxista izan zela. 85 urteko gizon batek ustez 78 urteko emaztea hil zuen. Gizonezkoa espetxeratzeko agindu zuten atzo.
Azpeitiko Feministen Sareak eta Azpeitiko Udalak gaur arratsalderako deituta dagoen elkarretaratzea probestuko dute Zizurko hilketa matxista salatzeko, beste hainbat aldarri egitearekin batera.