Lagun Onakeko gizonek etzi jokatuko dute denboraldi aurreko lagunarteko lehen partida

Julene Frantzesena 2025ko abu. 7a, 11:00

Gizonen lehen taldeko kideak joan zen astean Garmendipen. (Lagun Onak)

Hernanin jokatuko dute denboraldi aurreko lehen neurketa, joan zen astean entrenatzen hasi ostean. Hainbat fitxaketa egin dituzte Espainiako Hirugarren Mailan ariko den taldea osatzeko. Emakumeek, berriz, abuztuaren 11n egingo dute lehen entrenamendu saioa, Aitor Zubizarreta eta Iñigo Segurola entrenatzaile berriekin. Ohorezko Erregional Mailako denboraldia irailaren erdiaren bueltan hasiko dute horiek.

Gutxi falta da futboleko 2025-2026 denboraldia hasteko, eta mailaz maila, taldeak dagoeneko hasiak dira, era batera edo bestera, sasoi berria prestatzen. Lagun Onakeko gizonen lehen taldea, esaterako, joan zen astean hasi zen entrenamenduekin, eta aste honetan ekingo die lagunarteko partidei.

Denboraldia hasterako hainbat neurketa jokatuko dituzte horiek; lehena etzi, zapatuan, Hernanin. Partida horren ostean, beste batzuk ere izango dituzte Jose Luis Riberaren mutilek: abuztuaren 15ean Garmendipen, Touring-en kontra; abuztuaren 20an Tolosan; eta abuztuaren 30ean, Zarautzen. Gainera, ohikoa denez, abuztuaren 25ean Ugaitz Kerejetaren oroimenezko norgehiagoka jokatuko dute Lagun Onakek eta Reala Bk, Garmendipen. Denboraldia, berriz, irailaren 7an hasiko da Lagun Onakeko gizonentzat.

Joan zen sasoiaren bukaeran taldea utzi zuen Xabi Gereta kapitainak, eta taldea berriz osatzeko, Espainiako Hirugarren Mailan ariko den taldeak hainbat fitxaketa egin ditu; besteak beste, Azpeitiko taldean jokatuko dute datorren denboraldian Ander Petxarromanek, Markel Uzinek, Imanol Alberdik, Manex Aristik Markel Yudegok eta Alex Mujikak. Gainera, taldean segituko dute, besteren artean, Jokin Arabiourrutiak, Jagoba Erdoziak, Jon Sanchezek, Unax Odriozolak zein Alex Letamendiak.

Emakumeak ere prest

Emakumeen lehen taldea ere denboraldiaren prestaketei ekiteko prest da. Datorren sasoian Aitor Zubizarretak eta Iñigo Segurolak gidatuko dute taldea. Abuztuaren 11n hasiko dira emakumeak entrenamenduekin, eta denboraldiko lehen partida, berriz, irailaren 20ko asteburuan izango dute.

Malen Astigarraga kapitainak futbola utzi zuen joan zen denboraldiaren bukaeran, baina dagoeneko osatuta dute Ohorezko Erregional Mailan ariko den taldea. Honako jokalari hauek ariko dira datorren denboraldian Lagun Onakeko emakumeen lehen taldean: Elene Alonso, Amane Goenaga, Sara Amenabar, Ane Balentziaga, Nahia Agirrezabalaga, Naroa Altuna, Zuraide Berasategi, June Casina, Julene Elustondo, Ane Gonzalez, Garazi Gurrutxaga, Inge Idiazabal, Eneritz Landa, Ane Labaka, Lorea Rueda, Maria Soraluze, Maria Sorazu, Elene Uria, Maddi Urkizu, Naroa Muñoz eta Joane Korta (kapitaina).

Erregionalek entrenatzaile berriak

Ohorezko Erregional Mailako mutilek entrenatzaile berriak izango dituzte datorren denboraldian. Lagun Onakek jakinarazi duenez, Mikel Garate elgoibartarra arduratuko da taldea gidatzeaz, eta hark ondoan izango du lehen taldea utzi berri duen Xabier Gereta kapitain ohia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide