Erabilgarri daude bizikletentzako aparkaleku berriak. Salbe auzuneko 17. eta 18. atarien artean eta Jose Artetxe kaleko 6. zenbakiaren ondoan jarri dituzte estalitako aparkalekuak, eta horietako bakoitzean hamar bizikleta utzi ahal izango dituzte herritarrek. Zerbitzua doakoa da, baina herritarrek alta eman beharko dute.
Zerbitzua erabiltzeko erregistratu egin beharko dute herritarrek: PVerde aplikazioaren edo Parkingverde.com webgunearen bidez. 18 urtetik gorako herritarrek beren kasa eman ahal izango dute izena zerbitzuan, eskatutako datuak beteta; adin txikikoen kasuan, berriz, haien gurasoek edo tutoreek egin beharko dute erregistroa. Halaber, pertsona juridikoek ere badute izena emateko eta langileei aparkaleku horiek erabiltzea baimentzeko aukera.
Erabilera arauak
Behin alta emanda, kode bat jasoko dute erabiltzaileek, eta hain zuzen, kode hori erabili beharko dute aparkalekura sartu ahal izateko. Izan ere, aparkalekuen kanpoaldean teklatu bat dago kodea sartzeko. Horrez gain, baina, sakeleko telefonoko PVerde aplikazioarekin ere sartu ahal izango dute herritarrek aparkalekura.
Aparkalekuko atea irekitzen den aldiro pertsona batek izango du bizikleta uzteko aukera. Hori egindakoan, ixteko botoiari eman beharko dio herritarrak, eta atea ondo itxi dela egiaztatu, beste inor sar ez dadin. Dena den, udalak azaldu duenez, aparkalekuak ez dira garaje moduan erabiltzeko, eta ondorioz, bizikleta, gehienez, zazpi egun utzi ahal izango da jarraian aparkalekuan.
Halaber, erabiltzaile bakoitzak bizikleta bat eduki ahal izango du aparkatuta, eta osagarriak ere plaza horretan bertan sartu beharko ditu (umeentzako aulkia, orga...). Gainera, debekatuta dago aparkalekuetan bizikleta ez den beste ezer uztea.
Bizikletaren erabilera sustatzeko
Udalaren arabera, dagoeneko ikus daitezke bizikleta batzuk aparkatuta, eta Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak "poza" agertu du horren aurrean. Izan ere, haren aburuz, aparkalekuak "erosoak" izan daitezke herritarrentzat eta horrek lagun dezake herritarrek bizikleta gehiago erabiltzea sustatzen. Izan ere, herri barruko joan-etorriak bizikletaz egitea bultzatu nahi dute aparkaleku horiekin.
Udalak azaldu duenez, herriko mugikortasun iraunkorra bultzatzeko estrategiaren barruan kokatzen da aparkaleku berri horiek jartzea erabaki izana. Amenbarrek azaldu duenez, bizikletaz ibiltzeko "herri erosoa" da Azpeitia, eta hori horrela izanik, bizikleta herritarren eguneroko garraiobide izatea lortu nahi dute. "Azken urteotan, ugaritu egin ditugu kaleko aparkalekuak, eta eskaintza hori osatzera datoz aparkaleku itxi berriak". Haren hitzetan, jendeak kalean bizikletak "lasai uzteko aukera" eskainiko dute horiek.