Gipuzkoako Foru Aldundiak interes publikokotzat jo du Azpeitiko bosgarren poligonoko 58. lur zatian aldi baterako estazio meteorologiko bat jartzea. Gaur, asteartearekin, argitaratu dute erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta han ikus daitekeenez, erakundeak ez ditu ontzat jo herritar batek nahiz Sañu Bizirikek, Errezil Bizirikek nahiz Txillarramendi auzo elkarteak aurkeztutako alegazioak.
Desarrollos Renovables Iberia enpresak Azpeitiko lur zati horretan haize neurgailu bat instalatzeko eskaera egin zuen duela hilabete batzuk. Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako departamentuan aurkeztu zituen eskaera horri lotutako agiriak joan zen ekainaren bukaeran, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 legean aurreikusitakoaren arabera interes publikoko deklaratzeko. Izan ere, instalazioa lur ez urbanizagarrian egin nahi du enpresak, eta halako kasuetan, ezinbestean, aldundira bideratu behar izaten dituzte proiektuak udalek. Gaur Gipuzkoako aldizkarian atera dena da, hain zuzen ere, eskaera horren erantzuna, uztailaren 28an ebatzitakoa.
Eskaera egin ostean, hogei eguneko alegazioetarako epea zabaldu zuten, eta hain zuzen hamasei helegite aurkeztu zituzten herritarrek, norbanako gisa nahiz elkarteen izenean. Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina, ez ditu horiek ontzat jo, hainbat arrazoi tarteko. Horietako bat da, esaterako, alegazioetan "etengabe" aipatzen dutela Piaspe parke eolikoa. Aldundiak adierazi duenez, ordea, osatu duten espedienteak xede bakarra du: "Aldi baterako estazio metereologiko bat instalatzeari interes publikoko deklarazioa eman al dakiokeen aztertzea, dorretik hurbil dagoen eremuko baliabide eolikoa aztertzeko". Erakundeak aitortzen du, ordea, Piaspe parke eolikoa instalatzeko aukerarekin lotuta dagoela instalazio hori, nahiz eta haize neurgailuaren espedienteak ez duen loturarik Piaspe proiektuarekin. "Administrazio izapide desberdina du, eta, argi eta garbi, parke horrek garatzeko bete beharko duen izapideak ez du zerikusirik honekin", zehaztu du erakundeak.
Bestalde, Sañu Bizirikek, Errezil Bizirikek eta Txillarramendi elkarteak aurkeztutako alegazioei erantzunez, aldundiak zehaztu du aplikatu beharreko legedia sektorialak "zalantzarik gabe" aitortzen duela energia elektrikoa sortzeko azpiegituren interes publikoa. Halaber, haizea neurtzeko dorrearen kokapena "justifikatuta" dagoela esan du erakundeak, haizearen intentsitateari eta norabideari buruzko datu fidagarriak lortzeko haize sorgailuek etorkizunean izan dezaketen antzeko kokalekuetan eta altueran egin behar direlako neurketak. Horrez gain, ebaluatu gabeko ingurumen inpaktuak ere alegatu dituzte elkarteek, eta hala erantzun die horri Gipuzkoako Aldundiak: "Batasunaren Intereseko Habitataren gaineko erainari dagokionez, alegazioak berak onartzen du habitataren inguruan kokatuko dela, ez bertan. Sentsibilitate eolikoaren ondoriozko afekzioari dagokionez, berriz, parke eolikoetan gertatzen da hori, eta ezin da besterik gabe hedatu halakoei lotutako edozein instalazio instrumentaletara eta aldi baterakoetara".
Zehaztapen bat ere egin du erakundeak: esan du ingurumen inpaktuen ebaluazioari lotuta, interes publikoko deklarazioa lortzea udal lizentzia emateko prozesu zabalagoaren barruan sartzen dela, eta horrenbestez, hala badagokio, udalak egin beharko duela dorrearen instalazioaren ingurumen ebaluazio estrategikoa.
Behin betikoa da Gipuzkoako Foru Aldundiako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamenduaren ebazpena. Dena den, herritarrek eta elkarteek aurkeztutako helegiteak atzera bota badituzte ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakiokete horiek, hilabeteko epean, sail horretako foru diputatuari, hau da, Azahara Dominguezi.
Orain, diputazioak ontzat jo duenez enpresaren eskaera, Azpeitiko Udalari dagokio Desarrollos Renovables Iberia enpresari haize neurgailua jartzeko obra baimena ematea. Udalak azaldu duenez, udalerriko planeamendua aztertu beharko du aurrena, enpresak egin duen eskaerak planeamendu horrek exijitzen dituen baldintzak betetzen al dituen ikusteko. Erakundeak zehaztu duenez, Gobernu Batzordean landuko dute gaia.
Estazioaren nondik norakoak
Desarrollos Renovables Iberia enpresak jarri nahi duen dorre metereologikoak 97 metro altuera eta 45 zentimetroko sekzio triangularra izango ditu. Dorre horri haizearen abiadura eta norabidea neurtzeko tresnak erantsiko dizkiote, inguru horretako baliabide eolikoa ebaluatzeko eta etorkizunean parke eoliko baten instalazioa bideragarria izango al den aztertzeko.
Haizearen neurketa urtebeteko epean egingo dute, baina bost urtez luzatu ahal izango dute epe hori. GAOn irakur daitekeenez, gainera, neurketak bukatutakoan dorrea kendu eta ingurua lehengoratu egin beharko du hura instalatzen duen enpresak.