Astelehenaz geroztik, Urola ibaiaren zati batean landaredia arintzeko lanak egiten ari da Ura agentzia. Hain zuzen, Azoka Plazatik Enparan dorretxearen parera arteko eremuak ari dira lanak egiten, ibaiaren emari hidrologikoa "hobetzeko" helburuz eta haren balio ekologikoa –fauna eta flora– "ahalik eta gehien mantenduz". Izan ere, aberastasun ekologiko handia du Urola ibaiak, eta herriguneko eremu hori izaki bizidun askoren habitata da.
Urola ibaiaren zati horretan, azken urteetan asko hazi da landaredia, eta erakundeetan kezka sortu du horrek, batez ere uholde arriskuari erreparatuta. Hori dela eta, hainbat espezie kenduko dituzte egunotan, besteak beste, bertakoak ez diren espezieak eta hamarren bat platanondo. Bestalde, zuhaitzak bi metro ingurura arte kimatuko ditu, urak handi datozenean ibaiak dakarrena beheko adarretan katigatuta geratzeko arriskua saihesteko. Horrez gain, ibaian pilatuta dagoen hildako egurra ere kenduko dute.
Landaredia arintzeko erabakia hartzerako, Azpeitiko Udalak azterketa egin zuen; Basoinsa enpresak ikertu zuen ibaiko landarediak uholdeetan izan dezakeen eragina zer-nolakoa izan zitekeen. Azterketa horren emaitzaren ondorioak Ura agentziarekin partekatu zituen udalak, eta erakunde horrek begi onez ikusi zuen ibaiaren zati horretan landaredia aritzea. Hain zuzen ere, lehentasun handieneko eremutzat jo dute orain esku hartzen ari direna.
Ostirala bitartean ariko da Ura agentzia landaredia arintzeko lanak egiten, baina Azpeitiko Udalarekin eski hartzeen plangintza bat egingo du datozen hilabeteetarako. Gaiak herritarren artean sortzen duen interesa dela eta, plangintza hori irailean jendaurrean aurkeztuko dutela adierazi du udalak.