Kulturaz kooperatibak abuztuko etenaren osterako antolatu dituen hainbat kontzertutarako sarrerak jarri ditu salgai. Irailean hasiko da kooperatibaren kultur eskaintza berriro, The Baboon Show taldearen emanaldiarekin.
Emanaldi horren ostean, beste hainbat talde ere igoko dira Sanagustin kulturguneko agertokira. Heal eta Kaskezur, Niña Coyote eta Chico Tornado zein Gailu. Horiez gain, street punk eta oi! doinuak eramango dituzte urrian kulturgunera Agains You, Heel Beer Boys, Nafarroa 1512 eta Kontralde taldeek. Emanaldi horietarako sarrerak Kulturazen webgunean eskura daitezke.
Honako hauek dira kontzertuen datak:
- Irailak 12, ostirala. 22:00etan, The Baboon Show eta On.
- Irailak 19, ostirala. 22:00etan, Heal eta Kaskezur.
- Irailak 20, zapatua. 22:00etan, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Gailu.
- Urriak 18, zapatua. 21:00etan, Agains You, Heel Beer Boys, Nafarroa 1512 eta Kontralde.
Pailazoen ikuskizuna, urrian
Bestalde, Porrotxek, Marimototsek, Pupuk eta Lorek Ostirala iritsi da! ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko dituzte urrian. Hil horren 19an, igandez, izango dira bi saioak, 16:00etan eta 18:00etan, Soreasu antzokian, eta sarrerak eskuragarri daude honako lotura honetan, hamar eurotan.