Fernando Alberdi: "Izotza eta gatza nahastuta egiten zituzten izozkiak duela 100 urte, baita duela 2.000 urte ere"

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 6a, 13:24

Fernando Alberdi, atzo, Getarian izozki tailerrean parte hartu zuten umeez inguratuta. (Onintza Lete Arrieta)

Atzo hasi ziren Salbatore jaiak Getarian. Haurren eta Gazteen Eguna izan zen, eta Fernando Alberdi azpeitiarrak izozki tailerra eskaini zien txikienei. Zehazki, argindarrik gabe, izotza eta gatza soilik nahastuta, izozki bat nola egin irakatsi zien haiei.

"Nola egiten zituzten izozkiak duela 500 urte, duela 1.000 urte, duela 2.000 urte edo orain dela 100 urte?". Galdera hori bota du Fernando Alberdi Getariako Dona Doni izozki dendaren nagusiak, eta berak eman du azalpena. Batetik, izotza nondik lortzen zuten kontatu du: "Udan izotzik ez zen izaten, eta argindarrik ez zegoenez, izotz makinarik ere ez zegoen. Horregatik, neguan mendiko kobazuloetan gordetzen zuten elurra, esaterako Izarraitzen, eta elur hori gero astoekin jaisten zuten herrietara, saninazioetan edo salbatoreetan gauzak hozteko, baita izozkiak egiteko ere. Hori duela 200 urte egiten zen, baina orain dela 2.000 urte ere bai. Txinako enperadoreek ere hala egiten zuten".

Baina zein izaten zen izozkiak egiteko prozedura? Osagai baten garrantzia azpimarratu du izozkigile azpeitiarrak: "Izotza gatzarekin nahastuta, erreakzio kimiko bat gertatzen da, eta are gehiago hozten da izotza; -20 gradutara edo -22 gradutara iristen da". Gatz kantitate handi samarra behar izaten dela gaineratu du horretarako; lau kilo izotzentzat kilo eta erdi gatz, adibidez. Ondoren, nahasketa hori metalezko ontzi batean jarri eta esnea azukrearekin edo eztiarekin nahasten zuten, eta pixkanaka-pixkanaka, dena nahastuta, izozkia egiten zen.

105 ume izozkiak egiten

Jakintza hori haurrei transmititu nahi izan die Alberdik, eta atzo, Salbatore jaietako lehenengo egunean, izozki artisauen aurreneko tailerra egin zuen herriko umeekin eta gaztetxoekin. 105 lagun animatu ziren tailerrean parte hartzera, eta Alberdi pozik zen emaitzarekin: "Umeek helatu naturala, benetakoa, artifiziorik gabekoa nola egiten den ikus zezaten nahi genuen. Taldeetan egin dute haurrek izozkia, eta ia denei ondo atera zaie".

Umeek emaitzarekin sorpresa hartu al zuten galdetuta, Getariako alkatea bera ere [Haritz Alberdi] "harrituta" gelditu zela esan du: "Likidotik solidora hamar minutuan pasatu ginela ikusi zuenean, harritu egin zen sistemak funtzionatu egin zuelako. Noski funtzionatzen duela!". 

Gaztetxo talde bat, atzo, izozkia egiten. (Getariako Udala)

Esnea, esnegaina eta azukrea erabili zituzten atzo izozkiak egiteko. Umeek beraiek egindako izozkiak jan zituzten, baita Dona Doni saltokikoak ere, Alberdik izozki bana eman baitzien parte hartzaile gazteei, baita izozkia egiteko erabiltzen duten espatula bana ere.

Alberdi gustura da atzo bizi izandako esperientziarekin, baita Getariako Udala ere, Ekaitz Esteban zinegotziak azpimarratu duenez: "Festen egitarauko berrikuntza zen izozki tailerra. Ez genekien nola aterako zen, baina oso gustura gaude emaitzarekin". Datozen urteetan jarraipena emateko asmoa dutela aurreatu zuen tailerraren gidariak, gainera. "Aurten 105 haurrek parte hartu dute; ea hurrengo urtean 300 izaten diren".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide