Mikel Larrañaga eta Olaia Esnaola Gipuzkoako txapelen bila ariko dira igandean

Aiora Arriola 2025ko abu. 8a, 09:00

Aizkolariak iazko Aiako jaietan. (Ibon Errazu)

Gizonezko aizkolarien binakako eta emakumezko harri jasotzaileen banakako finalak izango dira, 17:30etik aurrera, Aiako pilotalekuan. Larrañaga Ugaitz Mugerzarekin ariko da, Txikia IV.aren nahiz Basozabalen eta Eneko Otañoren nahiz Xabier Zalduaren kontra. Esnaolak parez pare izango ditu Abendibar, Osa eta Cestauek.

Aiako festen azken hondarretan, gizonezko aizkolarien binakako eta emakumezko harri jasotzaileen banakako finalak ikusteko aukera egongo da pilotalekuan. Izan ere, igandean, abuztuaren 10ean, Gipuzkoako txapelketak izango dira han, 17:30etik aurrera.

Lehenengo mailako binakako aizkora lehian gizonezkoak jardungo dira, guztira sei partaide, hiru bikote osatuta: Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Ugaitz Mugerza; Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Jokin Urretabizkaia Basozabal; eta, Eneko Otaño beizamarra eta Xabier Zaldua. Horiek nor baino nor ariko dira txapela eskuratzeko lehian.

Harri jasotzen, berriz, emakumezkoak arituko dira, Lau Arroa torneoko txapela jokoan egonik. Lau harri jasotzailek parte hartuko dute lehian: Olaia Esnaola azpeitiarrak, Goizeder Abendibarrek, Lierni Osa zarauztarrak eta Ane Cestauek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide