Jone Arriaranek eta German Aranburuk Aiako I. Dantza Suelto Txapelketa irabazi dute

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 8a, 10:52

German Aranburu eta Jone Arriaran atzo, Aian, dantzan. (Onintza Lete Arrieta)

Atzo jokatu zuten txapelketa, Aiako plazan, hainbat lagunen aurrean. Azpeitiarrentzat izan ziren txapelketaren lehen edizioko txapela eta zapia, eta bigarren saria ere Azpeitira ekarri zuten Nora Aizpuruk eta Iker Zabalak.

Ez daude geldirik egoteko German Aranburu eta Jone Arriaran dantzariak; izan ere, han eta hemen, agertokiz agertoki, dantza sueltorako duten abilezia erakusten ari dira. Atzo ere txapelarekin eta zapiarekin itzuli ziren etxera; Aian aritu ziren Luix Beltza dantza eskolako kideak, hango I. Dantza Suelto Txapelketan.

Herritar ugari elkartu ziren plazan txapelketaz gozatzeko, eta giro bikaina izan zen San Donato eguneko arratsalde partean. 17:00etan hasita, eguzkipean aritu ziren partaideak, Elustondo anai-arreben trikiti doinuen erritmora, ohi bezala, fandangoa eta arin-arina dantzatzen.

Zazpi bikote lehiatu ziren atzo arratsaldean, eta horiek puntako ikuskizuna eskaini zuten. Azpeititik iritsiak ziren lehiakide gehienak, lehen saria ez ezik, bigarrena ere azpeitiarrentzat izan zen; hain zuzen, Nora Aizpuru eta Iker Zabala sailkatu ziren postu horretan. Hirugarren, berriz, Bidatz Manterola eta Jon Alkain oriotarrek egin zuten.

Honako lotura honetan ikus daitezke atzoko txapelketako irudiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide