Gaurko egunez duela 25 urte hil zen Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarra. Txikitatik izan zuen mendiarekin lotura; mendizalea zen oso. Inguruko mendietan zaildu ondoren, Pirinioetara egin zuen lehen irteeran Auñamendira joan zen; 18 urte zituen. Hil baino hiru egun lehenago ere hantxe izan zen.
24 urterekin ekin zion mendian serioago ibiltzeari, eta besteak beste, Mont Blancen, Perdidon, Vignemalen, Andeetan eta Himalaian izan zen. Hain zuzen ere, Everestera joan zen 1980an; Martin Zabaletak gailurra zapaltzea lortu zuen espedizioko kide izan zen, beste hainbat lagunekin batera.
Xoxoteren magalean, Takolo baserrian –Miraflores du berez izena–, jaio zen Urbieta, 1941eko arazaroaren 3an. 58 urterekin hil zen, 2000. urteko abuztuaren 12an.
Hainbat aitortza
Joxe Takolo zenari buruzko liburu biografikoa kaleratu zuen Uztarriak 2001eko maiatzean, Enekoitz Esnaola kazetariak idatzia. Honako lotura honetan irakur daiteke liburua.
Halaber, Azpeitiko Udalak Takoloren izena duen beka jarri zuen martxan 2001ean, goi mendizaletasuna bultzatzeko helburuz. Urtez urte, mendiarekin lotura duten askotariko proiektuak lagundu dituzte Joxe Takolo bekaren bidez, eta urteen joanarekin beka deialdia egokitzen eta eguneratzen aritu dira udala ez ezik, Lagun Onak Mendi Bazkuna ere bai.
Lagun Onak Mendi Bazkunak Takoloren heriotzaren mende laurdena dela eta, Itsasaldeko Ibilaldi Neurtuko kamisetei haren irudia jarri zien. Gisa horretan, omenaldi "xumea" egin nahi izan dio Azpeitiko taldean Takolo zenari.
Bestalde, Lagun Onak Mendi Bazkunak, 2021ean, elkartearen 75. urteurrenaren harira, Joxe Takolori eskainitako erakusketa jarri zuen ikusgai.