Ostiraletik igandera, lau bidaia egingo ditu lurrun trenak

Julene Frantzesena 2025ko abu. 12a, 12:19

Lurrun tren bat, Burdinbidearen Euskal Museoan. (Euskotren)

Azpeitia eta Lasao artean bidaia egiteko aukera izango dute herritarrek. Asteburuko irteerez gain, ostiralean, jaieguna denez, 12:00etan ibili ahal izango da lurrun trenean.

Azpeitia eta Lasao artean bidaiak egiten dituen lurrun trenean ibiltzeko aukera izango da datorren asteburuan ere, eta abuztuaren 15a jaieguna denez, ostiralean ere izango da horretarako aukera.

Burdinbidearen Euskal Museotik Lasaora joan-etorria egiteko lau hitzordu izango dituzte herritarrek datozen egunetan: ostiralean 12:00etan; zapatuan 12:00etan eta 17:30ean; eta igandean 12:00etan.

Halaber, museoa zabalik izango da egun horietan, eta hala nahi duten bisitariek Europako tren bildumarik onenetarikoa ikusi ahal izango dute. Besteak beste, lurrun trenen makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak nahiz bagoiak bisitatzeko parada izango dute horiek. Horrez gain, makina erreminta multzo zahar bat eta XIX. mendearen bukaeraz geroztik trenbideetan erabilitako uniformeak eta tren erlojuen bildumak ere bai.

Abuztuan museoko instalazioak zabalik izango dira asteartetik larunbatera, goizetan, 10:30etik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:30era. Igandeetan eta jaiegunetan, aldiz, 10:30etik 14:00etara izango dira irekita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide