Intza Lizarazu: "Lasai nago, gauzak ahalik eta ondoen egiteko asmoarekin eta kluba bide onetik eramateko gogoarekin"

Julene Frantzesena 2025ko abu. 13a, 10:56

Intza Lizarazu. (Julene Frantzesena)

23 urtez ISBn jokatzen aritu ostean, klubeko lehendakari kargua hartu du Intza Lizarazuk (Azkoitia, 1991). Abuztua bukatzen denean hasiko da pixkanaka martxan. Aro berriari ekiteko ilusioz dago, baita lasai ere; izan ere, badaki zuzendaritza taldearen babesa izango duela bidean.

Zer-nola hartu duzu kargu berria?

Ilusioz. Proposamena jaso nuenean, buruari buelta batzuk eman nizkion, baina une oro zalantzak argitzeko eta laguntzeko prest agertu dira denak. Zentzu horretan lasai nago, gauzak ahalik eta ondoen egiteko asmoarekin eta kluba bide onetik eramateko gogoarekin.

23 urte egin dituzu ISBn, jokatzen. Sekula pentsatu al duzu Iraurgiko lehendakari izango zinenik?

Ez. Hainbeste urte jokatzen aritu eta gero, zaila egiten da halakorik irudikatzea. Proposamena jasotakoan, kluba ondo ezagutzen nuenez, onartzea eta aurrera egitea erabaki nuen.

Zuzendaritzak proposatu zuen zure hautagaitza. Nola hartu zenuen proposamena?

Zuzendaritzako kideekin elkartu nintzen duela hilabete batzuk, eta esan zidaten lehendakari posturako nire izena zeukatela mahaiaren gainean. Lehendakari izatea nola ikusten nuen galdetu zidaten, zer iruditzen zitzaidan proposamena, Maierrek [Lizaso] urte asko zeramatzalako lehendakari postuan. Egia esan, ez ninduen gehiegi harritu nigana jo izanak; izan ere, oraintxe laga dut saskibaloia eta Gipuzkoako jendea ezagutzen dut. Ez nuen sorpresa hartu, baina egia da halako proposamenei erantzuterako ondo pentsatu behar dela; prest egon behar duzu eta ilusio pixka bat eduki ere bai.

Jokalari izan zara orain arte, eta kluba oso ondo ezagutzen duzu. Aldea al da hori?

Bai. Hainbeste urtez aritzeak aukera eman dit kluba ondo ezagutzeko; lanean ari den jendea, jokalariak, entrenatzaileak, boluntarioak... Abantaila da kluba barrutik eta kanpotik ezagutzea.

Maier lizasoren lekukoa hartu duzu. Eman al dizu aholkurik?

Maierrek urte asko egin ditu lehendakari postuan buru-belarri; sekulako lana egin du. Esan didan gauza bakarra zera izan da: difrutatzeko eta ilusioarekin hartzeko. Horrez gain, edozerekin laguntzeko prest egongo dela ere adierazi dit. Alde horretatik, lasai hasiko dut etapa berria.

Zuzendaritzak bere horretan segituko du gainerakoan. Zuretzat babesa al da talde hori?

Bai, noski. Kide denak ezagutzen ditut, gertukoak dira niretzat, eta beti laguntzeko prest daude. Beraz, badakit ondo babestuta eta zainduta egongo naizela. Dagoeneko parte hartu dut bilera batzuetan.

Zer helburu dituzue datorren denboraldirako?

Denboraldiz denboraldi antzekoak izaten dira ISBren helburuak: jende gaztea eta entrenatzaileak formatzea, saskibaloian ibili nahi duen orori ateak zabalik dituela sentiaraztea eta klubeko kideek egiten ari diren horrekin disfrutatzea. Horrez gain, goi mailan ditugun bi taldeak –emakumeena eta gizonena– mantentzea eta talde horiek gaztetxoentzat ispilu izatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide