Txapelak pilatu eta pilatu ari zarete. Espero al zenuten horrela ibiltzea?
German Aranburu: Aurreko urtean hasi ginen txapel batzuk irabazten, batez ere Bizkaian. Aurreko postuetan sartzen hasi ginen, eta aurten erritmo horretan segitu dugu. Zortea izan dugu, eta txapelketak irabazten ari gara.
Jone Arriaran: Urtean zehar esperientzia hartzen joaten gara bikoteak, eta esperientzia horrek asko lagundu digu. Izan ere, txapelketa denetara aurkeztu gara, eta horrek ahalbidetu digu hobetzea.
Gipuzkoako txapela jantzi berri duzue. Pozik al zaudete?
J. A.: Ez genuen espero, baina txapeketak irabazten hasiak ginen, eta...
G. A.: Irabazten hasteak ekarri digu lasaitasun pixka bat, eman digu konfiantza puntu bat. Ikusten genuen zer egoeratan dagoen dantza gure inguruan, gu nola ari ginen dantzan, eta konfiantza galdu gabe, Gipuzkoako txapela irabazi dugu.
Zer helburu dituzue?
J. A.: Oraingoz, entrenatzen segitzea eta hobetzea, beti egiten baititugu akats txikiak. Pixkanaka haztea nahi dugu.
G. A.: Txapelketen munduan jarraitzea dugu helburu, ahalik eta ondoen segitzea, eta ahal bada txapelak irabaztea.
Ba al duzue txapelik jomugan?
G. A.: Nahiko genuke Seguran [Gipuzkoa] jokatzen den Euskal Herriko txapelketa irabaztea. Urrian izango da, eta horretarako aukera zabaltzen dutenean, izena emango dugu.
J. A.: Txapelketarik garrantzitsuena hori da, eta bikote guztiok dugu hori helburu gisa hartuta.
Zein da halako emaitzak lortzearen sekretua?
G. A.: Lana, lana eta lana.
J. A.: Txapelketa ia denetara aurkeztea, konfiantza hartzea eta esperientzia pilatzea. Halaber, garrantzitsua da akatsak zuzentzen joatea.
Nola entrenatzen duzue?
G. A.: Binaka aritzen gara une oro. Pausoak egiten ditugu aurrena, eta gero, dantza osoak. Gorputzak eutsi arte jarduten dugu, indartzeko.
J. A.: Fisikoa lantzeko kirola ere egiten dugu, eta hori plus bat da, lagundu egiten digulako.
G. A.: Orain, entrenamendu gutxiago egiten ditugu, txapelketa gehiago izaten ditugulako; ez da komeni gehiegi nekatzea.
J. A.: Bai, gainera, askotan entsegua dugun egun berean izaten dugu txapelketa, eta ezinezkoa da biak egitea. Saiatzen gara astean bi egunetan entseatzen.
G. A.: Dantza denboraldi indartsuena maiatzetik urrira arte izaten dugu, eta Segurako txapelketarekin bukatuko da. Gero, Gabonetako oporretatik maiatzera bitartean egiten dugu denboraldi aurrea, eta orduan astean hirutan entseatzen dugu, Luis Beltzaren gidaritzapean.
J. A.: Dena den, denboralditik kanpo, abenduan, bi lehia izaten ditugu; bat Orion, eta bestea, Azpeitian. Horiek denboralditik urruti geratzen dira, eta maila ere jaitsi egiten da, gorputzak gora-beherak izaten dituelako.
Luix Beltza dantza eskolakoak zarete. Zenbat lagun aritzen zarete gaur egun lehietan?
G. A.: Bikote azpeitiar asko aritzen gara, bai Luix Beltzaren eskolakoak, bai Aitor Sorazuren eskolakoak.
J. A.: Eta bada azpeitiarra ez den bikote bat Luixen eskolan; aurten hasi dira harekin Bidatz Manterola eta Jon Alkain oriotarrak. Horiekin oso ondo konpontzen gara, eta oso ondo dabiltza txapelketetan.
G. A.: Luixen eskolakoak ez diren bikote batzuk ere oso ondo ibiltzen dira txapelketetan, hala nola Laura Bastida eta Uzkudun nahiz Iker Zabala eta Nora Aizpuru.
J. A.: Horiez gain, oso ondo dabiltza Luixen eskolako hainbat dantzari ere: Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola, Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla...
Azpeitian osasuntsu dago, beraz, dantza sueltoa?
J. A.: Bai, beste herri batzuekin alderatuta, bai. Azpeitikoak dira txapelketetara aurkezten diren bikote gehienak. Azpeitian badu jarraipen pixka bat dantza sueltoak, momentuz, baina ikusten da gazteen mailako lehietan bikoteak falta direla; Azkoitian, adibidez, gazteena egin behar zuten, baina oso bikote gutxik eman dute izena, eta helduena izango da lehia.
Zergatik dago bikote gazteen falta?
J. A.: Uda izanik, konpromisoa hartzea kostatu egiten zaio jendeari; erraz uzten ditu txapelketak alde batera. Batzuk nazkatu ere egiten dira, eta... Guk segitu egin dugu, baina...
G. A.: Horrez gain, eragina du kirol aukera handia egoteak ere. Dantza oso mutil gutxik aukeratzen dute, adibidez. Oso dantzari mutil gutxi gaude, eta dantzara animatzen diren horiek aurrera egiten dute txapelketetan, falta dagoelako.
J. A.: Arraroa da, bestalde, mutilak aurkitzea taldeko dantzetan ere; Azpeitian lauzpabost egongo dira.
G. A.: Kontua da taldeko dantzetan ondo ibiltzen direnak hasten direla txapelketetan parte hartzen, eta taldeetan mutilik ez baldin badago, lehietan ere ez.
J. A.: Pena da; izan ere, ja hasi gara bi neskaz osatutako bikoteak ikusten gaztetxoen txapelketetan.
Nolakoa da zuen dantzarako estiloa? Nola deskribatuko zenukete?
G. A.: Indartsua.
J. A.: Badira elegantzia gehiago lantzen duten eskolak, adibidez, Lezokoa eta Bergarakoa. Luix Beltzaren eta Aitor Sorazuren eskoletan, berriz, indarra lantzen dela nabarmenduko nuke.
G. A.: Hasi gara indarra galdu gabe elegantzia txertatzeko oreka bilatzen, baina... Gure dantzarako modua oso ikusgarria dela uste dut.
J. A.: Mugimenduak bereizi egiten ditugu, hankak indarrez atera...
Ba al duzue txapelketa kuttunik?
J. A.: Azpeitikoa esango nuke, Santo Tomas egunez izaten dena. Herrian jarduten dugu, jendeak ezagutu egiten gaitu, eta hori beti izaten da berezia. Pandemiaren aurretik Sanagustin kulturgunean egiten zen txapelketa, eta gazte pila bat izaten ziren gu ikusten; izugarria izaten zen.
Ametsik bai?
G. A.: Segurako txapela irabaztea.
J. A.: Txapelketarik garrantzitsuena irabaztea, bai. Horrez gain, ezer gutxi. Izan ere, aspaldi laga genion guk taldeko dantzei, eta txapelketetan ari gara ordutik.
G. A.: Nahiko nuke ahal dugun gehien irautea gaur egun gauden egoeran.
Nola osagarritzen zarete? Nolakoa da zuen dantza bikotea?
J. A.: Bikote berria gara; izan ere, hiru urte dira elkarrekin dantzan hasi ginela. Aurretik beste bikote batzuekin jardun genuen dantzan biok. Oinarri finko bat eta gure estiloa eginda genituen, baina aldaketak izan ditugu hiru urteotan. Hasieran nabarmena zen dugun adin tartea; nik askoz ere esperientzia gutxiago neukan. Ai, hasiera...Dena den, izugarrizko konfiantza transmititzen zidan Germanek; asko lagundu zidan, batez ere, lasaitzen.
G. A.: Hasieratik arraroa egiten zitzaidan gauza bat bazen: hain gaztea izanda, Jonek zeinen ondo jarraitzen zuen nire erritmoa. Oso indartsua naiz dantzan, eta jarraitu egiten zidan. Gainera, denborarekin, konfiantza hartzen joan ahala, askoz hobeto moldatu gara.
Zein dira zuentzat aurkari gogorrenak?
G. A.: Laura Bastida eta Ekain Uzkudun izan dira gure aurkari gogorrenak; beti gure aurretik egiten zuten. Aurreko urtean hasi ginen haingana hurbiltzen, harrapatzen, baina hor jarraitzen dute, gogor, etsi gabe. Iker Zabala eta Nora Aizpuru ere indartsu dabiltza.
J. A.: Lezoko Ane Jaunarena eta Endika Osa ere hor ibiltzen dira, hirugarren eta laugarren postuetan.
G. A.: Bergarako Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga ere puntan ibiltzen dira. Haiek dituzte Euskal Herriko azken hiru txapelak. Bestalde, Lezoko eta Sopelako Maren Galvez eta Gorka Granado ere hor daude. Horiekin ibiltzen gara, batez ere, lehian.
J. A.: Bikote horien artean izaten da txapela lortzeko lehia.
Ba al duzue dantzari erreferenterik?
J. A.: Ja ez daude aktibo, baina Amets Amubieta eta Alaia Amubieta aipatuko nituzke.
G. A.: Jon Ibarguren eta Asier Ibarguren ere puntan ibili ziren, indartsu aritzen ziren.
J. A.: Azpeitian nabarmendu izan dira bikoteak urtez urte, eta haien bideoak-eta ikusi izan ditugu, ideia berriak hartzeko.
Noiz hasi zineten dantzan?
G. A.: 5 urterekin hasi nintzen taldeko dantzetan. Hemezortzi urtez ari naiz dantzan, eta txapelketetan hamahiru urte daramatzat.
J. A.: Ni 6 urterekin hasi nintzen, oker ez banago; beraz, hamabi urte daramatzat dantzan. Txapelketetan, berriz, hamargarren urtea dut hau. Bizitza osoa dantzan daramagula esateko moduan gaude.
Zer dute euskal dantzek hainbeste urtez kateatzea lortzeko?
J. A.: Asko gustatzen zaigu dantza eta txapelketetan parte hartzea. Lehietan oso giro ona izaten dugu partaideon artean, batez ere helduetan; izan ere, denok ezagutzen dugu elkar. Dantza talde bat gara, nahiz eta bakoitza bere herrikoa izan.
G. A.: Lagun talde bat gara, txikitatik elkarrekin aritzen baikara txapelketetan. Ibilbide hori denok batera egin dugunez, ondo konpontzen gara geure artean. Bestalde, kirol oso gogorra denez, gustura aritzen naiz dantzan.
Beste dantza motarik probatu al duzue inoiz?
J. A.: Ez. Eskolako lagunak joan izan dira areto dantzetara eta, baina ni ez.
G. A.: Ez. Kirolean aritu izan naiz, baina dantza munduan ez dut beste estilorik probatu; nahikoa denbora kentzen didate euskal dantzek.