Sortu, eta trukean eman

Amaia Jimenez Larrea ('Berria' egunkaria) 2025ko abu. 17a, 08:00

Dinamoa sormen gunearen sarrera.

Hainbat diziplinatarako egonaldiak antolatzen dituzte Dinamoa sormen gunean. Sormen egonaldi bat zer zen ondo jakin gabe hasi ziren horretan, baina deialdi eskaintza finkoa dute orain. Adierazi dute erakunde publikoek babes gutxi ematen dietela. Berria egunkarian, Artea sortzen den lekuak seriearen barruan, egin duten erreportajea ekarri du hona Gukak,

Sortu, ikasi eta eman. Hori da Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa sormen gunearen leloa. Edozein sormen adierazpeni bide emateko gunea da Dinamoa, eta ateak zabal-zabalik ditu han lan egin nahi duen ororentzat. Kulturaz kooperatibak du gunea kudeatzeko ardura; 2021etik dabil horretan –Soreasu antzokiaz eta Sanagustin kulturguneaz ere arduratzen da–. Hainbat sormen proiektu garatzen dituzte han, eta, gainera, sormen egonaldiak egiteko lekua ere badute.

Kulturaz kooperatiba 2014an hasi zen sormen egonaldiak antolatzen, Soreasu antzokia kudeatzeko ardura hartu zuenean. Garai hartan, ordea, antzerki arloko egonaldiak bakarrik egiten zituzten, ez baitzuten bestelakoak egiteko lekurik. Xabier Gantzarain kooperatibako kidea da, eta aipatu du egonaldi horiek beste diziplina batzuetara zabaltzea erabaki zutela Dinamoa martxan jarri berritan. Hala, gaur-gaurkoz lau eremu daude egonaldiak egiteko: Hitzaren Eremua, Irudiaren Eremua, Soinuaren Eremua eta Gorputzaren Eremua. Deialdietara aurkezten diren proiektuen ezaugarriak kontuan hartuta, gune batean edo bestean egiten dute lan artistek.

Urtean bi deialdi antolatzen dituzte Dinamoan, sei hilabetean behin. Gainera, Azpeitiko Udalak antolatzen duen sormen bekan parte hartu dutenetatik biri aukera ematen diete egonaldia egiteko ere. "Era askotako egonaldiak egoten dira, eta denbora aldetik ere desberdinak dira: batzuk oso laburrak, baina guztiz horretara jarrita egindakoak; eta beste batzuk luzeagoak, baina ez egunean zortzi orduz lanean egondakoak", azaldu du Gantzarainek. Gaineratu du epeak moldatuz joaten direla proposamenaren arabera.

Sortzaileen eta eragileen elkargune

Eraikina Soreasu antzokiari itsatsita dago, eta zirkulu erdi bat balitz bezala inguratzen du. Lehen solairuan daude eremu guztiak, baina ez da harritzekoa lehen aldiz Dinamoa zapaltzen duen edonor korridoreetan galtzea; izan ere, labirinto bat dirudi. Sarreratik gertuen dagoen eremua hitzarena da, eta, normalean, egonaldia idazteko baliatzen dutenentzat izaten da. Idazteko gela txikiak daude eremu horretan. Dinamoaren berezitasunetako bat da ez dela egonaldiak egiteko bakarrik erabiltzen, herriko beste kultur eragile batzuek ere erabiltzen baitituzte gelak-eta, tartean Guka astekariak, bertso eskolak eta argazkilari elkarteak –lehen biak Hitzaren Eremuan daude–.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide