Datozen bi igandeetarako ekintzak antolatu ditu Ekoetxeak

Nerea Uranga 2025ko abu. 20a, 08:30

Xaguxatar bidean herritar batzuk. (Ekoetxea)

Familiei zuzendutako bi esperientzia prestatu dituzte Azpeitiko Ekoetxean. Abuztuaren 24an Xaguxatar bidea egiteko aukera izango da eta abuztuaren 31n, berriz, plastikoa birziklatuz artelanak egiten ikasiko dute parte hartzaileek. Saio horietan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

Datozen bi igandeetan familiei zuzendutako ekintzak egingo dituzte Azpeitiko Ekoetxean. Hilaren 24an, Xaguxatar bidea egiteko aukera izango da, 10:30ean Ekoetxeatik irtenda. Hilaren 31rako, berriz, plastikoekin artelanak egiteko tailerra prestatu dute. Bi saioak doan izango dira, baina parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da.

Xaguxatar bidea: altxor ezkutua ibilaldia da abuztuaren 24rako antolatu dutena. 6 urtetik gorakoentzako ekintza da, baina haurrek helduren batekin lagunduta joan ahalko dute. 10:30etik 13:00etara artean, Azpeitia inguruan natura eta historia uztartuz erronkaz betetako ibilbidea egingo dute. Bidean hainbat zuhaitz espezie, Izarraitz mendikatearen magala edota Urola ibaia ezagutzeko aukera izango dute ibilaldian parte hartzen dutenek. Saioan parte hartzeko aurretik izena eman behar da honako loturan.

Abuztuaren 31n Plastikoekin hondakinak arte bihurtu tailerra egingo dute Ekoetxean. Plastiko piezak berrerabiliz sormena landuko dute saioan, baita plastikoak Lur planetan duen eraginaren inguruan hitz egin ere. 5 urtetik aurrerakoei zuzendutako saioa izango da, eta haurrek helduen laguntzarekin parte hartu beharko dute. Doan da tailerra, baina aurrez izena eman behar da honako loturan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide