Loiolako santutegiaren lehena eta oraina ezagutu dituzte bisitariek

Nerea Uranga 2025ko abu. 21a, 14:40

Gaurko Loiolako bisita gidatua. (Nerea Uranga)

Gaurtik astelehenera egunero bisita bana izango dira Loiolan. Loiolako basilika eta San Ignazioren jaiotetxea ezagutzeko bisita izan dute gaur, gaztelaniaz. Bihar, berriz, euskaraz izango da bisita. Larunbatean eta igandean, Loiolatik Oñatzera mendi irteera egingo dute Garindik zehar, gidatuta. Bisitetan parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago.

Hogei bat laguneko taldeak parte hartu du gaur Loiolako basilika eta San Ignazioren jaiotetxea ezagutzeko egin duten bisita gidatuan. Gaztelaniaz izan da gaurko saioa, Ander Ugartek gidatuta. Bihar eta astelehenean ere, gaur bezalaxe, Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea izeneko bisitak egingo dituzte, euskaraz. Bisitak egin ahal izateko lau laguneko taldeak osatu beharra dago, bestela bertan behera gelditzen dira. Bihar bisita egiteko kopurua osatuta dagoela ziurtatu du Urola Turismoak.

Larunbatean eta igandean, berriz, Loiolatik Oñatzerako natur ibilbidea egingo dute, Loiolako turismo bulegoaren aurretik irtenda, Garindik igarota igoko dira bisitariak Oñatzera. Historia ezagutzeko nahiz inguruneaz gozatzeko aukera izango dute jardueran parte hartzen dutenek. Oraindik bisitak egin ahal izateko lau laguneko taldeak osatu gabe daudela adierazi du Urola Turismoak, eta parte hartu nahi duenak aldez aurretik izena eman beharra daukala gogorarazi du. Izena Loiolako turismo bulegoan bertan eman behar da, 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta, 688 75 94 29 telefono zenbakira Whatsappez mezua idatzita edota i-loiola@urolaturismoa.eus helbide elektronikora idatzita.

Urola Turismoak antolatutako Urola, historia eta paisaia bazterrak bisita gidatuen egitasmoaren barruko bisitak dira Loiolakoak.

Astelehera arteko bisitak eta ordutegiak:

  • Bihar, ostirala. Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea. 12:00etan Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. Euskaraz.
  • Etzi, larunbata. Loiola gehiago: natur ibilbidea. 10:00etan Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. Euskaraz.
  • Abuztuak 24, igandea. Loiola gehiago: natur ibilbidea. 10:00etan Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. Gaztelaniaz.
  • Abuztuak 25, astelehena. Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea. 17:30ean Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. Euskaraz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide