Lagun Onakek eta Reala Ck Ugaitz Kerejeta futbolari zenaren omenezko bosgarren oroimenezkoa jokatuko dute bihar, larunbata, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. 11:00etan hasita jokatuko dute denboraldiaurreko lagunarteko neurketa Lagun Onaken gizonen lehen taldeak eta Realaren gizonen hirugarrenak. Lehen bi edizioetan hiruko txapelketa jokatu bazuten ere, aurreko bietan bezala, aurten ere bi talde arituko dira nor baino nor.
Duela bost urte hil zen Kerejeta moto istripuz, eta harrezkero, urtero antolatu du Lagun Onakek haren omenezko oroimenezkoa abuztuan. Futbol klubak Garmendipera bertaratzeko deia egin diete herritarrei, eta oro har, futbolzale guztiei, Kerejeta zena gogora ekartzeko.
Tolosan, 2 eta 1 galdu
Hirugarren Mailako Lagun Onakek asteazken arratsaldean Tolosaren kontrako neurketa 2 eta 1 galdu zuen. Tolosan (Gipuzkoa) jokatu zuen lagunartekoa.
Kornerren arratsaldea izan zen. Irabazten ekin zion neurketari Azpeitiko taldeak. Hamazazpigarren minutuan, korner baten irteeran bolea elegante batekin gola sartu zuen Lagun Onakeko Unax Odriozola zarauztarrak, markagailua 0 eta 1 jarriz. Aurreneko zatia bukatzeko bost minutu falta zirenean, ordea, Tolosak berdinketa lortu zuen, korner baten ondorioz. 45. minutuan, berriz, garaipeneko bigarren gola sartu zuten Tolosakoek, hori ere kornerretik eta buruz.
Galdu arren, partida osoan Lagun Onak izan zen nagusi, izan ere, Tolosa Azpeitikoen atera golak sartu zituen bi aldi horietan bakarrik gerturatu zen.
Lagun Onakeko bi hamaikako desberdin atera zituen jokora Riberak, jokalariei aukerak emateko.