Palestinari elkartasuna adierazi diote herritar ugarik

Ihintza Elustondo 2025ko abu. 29a, 20:13

Israel Gazan gauzatzen ari den genozidioaren aurrean, Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioa egin dute Sanjuandegiko biribilgunean. Elkar-ekinek deitu du protestara, eta Sarek bat egin du deialdiarekin. Berrehun bat herritar elkartu dira gaurko ekintzan. 

Elkar-ekinek deituta eta Azpeitiko Sarek babestuta, Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute arratsaldean, 18:30ean, Sanjuandegiko biribilgunean. Ohikoa bilakatu da elkartasun ekintza hori herrian, baina gaurkoan, Gazan gertatzen ari den genozidioaren larritasuna tarteko, jendetza elkartu da protesta ekintzan; guztira, berrehun bat lagun.

"Gosea arma gisara erabiltzen ari da da Israel azken asteotan, eta denok ikusi ditugu ankerkeria horren ondorioak. Haurrak goseak hiltzen, eta herritarrak goseak hiltzen. Horrez gain, bonbardaketek ez dute etenik izan abuztuan, eta pentsatzekoa da datozen asteetan egoerak okerrera egin dezakeela, Gaza erabat okupatzeko asmoek aurrera jarraitzen dutelako", adierazi du Elkar-ekinek.

Elkarte horrek gogora ekarri duenez, 62.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek bi urte hauetan, eta momentu hauetan, 500.000 inguru dira gosete egoera larrian daudenak.

"Behin hona iritsita, ezer gutxi espero dezakegu Europako estatuen aldetik. Horregatik, herritarrok kalean mobilizatzea eta Israelen aurkako boikot kanpaina indartzea garrantzitsuak direla uste dugu. Gure aldetik, elkartasun osoa erakutsi nahi diegu palestinarrei, eta haien borrokari babes osoa eskaini nahi diogu. Hori horrela, gure herritik elkartasuna antolatzen jarraituko dugu datozen hilabeteetan ere", nabarmendu du taldeak. 

Sare bat eginda

Hilero azken ostiraletan euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzera deitzen du Sarek; dena den, abuztukoa ez dute egin, eta Elkar-ekinek deitutako mobilizazioarekin bat egin du Sarek. Azpeitiko Sarek azken ostiraletako hurrengo elkarretaratzea irailaren 26an egingo du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide