Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarrak B Serieko Donostia Hiria 2025 binakako pilota txapelketa irabazi zuen atzo, ostirala. Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu zuten finala atzo gauean. Azpeitiarrak Iñigo Bikuña pilotari donostiarrarekin osatu zuen bikotea, eta aurkari Iraitz Zubizarreta Zubizarreta III.a eta Ekain Lizeaga izan zituzten.
Partida gogorra eta estua jokatu zuten bi bikoteek. Aurten lehendabiziko aldiz antolatu dute B Serieko Donostia Hiria txapelketa, eta bi bikoteek nahi zuten historiako aurreneko garaipena eskuratzea. Hasiera gorabeheratsua izan zen markagailuari dagokionez; izan ere, 5-4 aurretik izan ziren txapeldunak, baina 5-10 galtzera ere igaro ziren une batez. Partidaren erdialderako, baina, lehiak berdintzera egin zuen, eta lehen atsedenaldira aurretik iritsi ziren Egiguren eta Bikuña (12-11).
Ez bata, ez bestea, ez zeuden erraz amore emateko; pentsa, ordu eta hogei minutuko lehia jokatu behar izan zuten. Bigarren atsedenaldira ere txapeldunak iritsi ziren aurretik (18-14), baina galtzaileak tanto batzuk eginda zerbait hurbildu ziren markagailuan. Azkenean, 22-19 nagusitu ziren Egiguren eta Bikuña, eta txapeldunen garaikurrak eskuratu zituzten haiek.
Egigurenek berak aitortu zuen lehia "oso gogorra" izan zela. "Oso gogorra izan da lehen erdia. Gerora abantaila pixka bat hartu dugu, nahiz eta bukaeran berriro etorri diren aurkariak. Larri izan gara, baina gustura gaude irabazita. Alde polita hartu dugu partidaren erditik aurrera, eta horrek eraman gaitu garaipenera", esan zuen azpeitiarrak ETBko kameren aurrean. Berekin bikotea osatu zuen Bikuñaren lana ere goraipatu zuen Egigurenek: "Sekulako partida egin du Iñigok. Ni ez naiz ibili gustura partida osoan, baina Iñigok egundoko partida egin du eta ahal nuen moduan laguntzen saiatu naiz". Hain justu, Bikuña izendatu zuten atzoko finaleko pilotari onena.