Lagun Onakeko gizonen garaipena azken lagunartekoan, eta emakumeen porrota aurrenekoan

Andoni Elduaien 2025ko abu. 31a, 11:53

Zarautzek eta Lagun Onakek atzo jokatu zuten lagunartekoa. (Lagun Onak)

Gizonek garaipena eskuratu zuten denboraldiaurreko azkeneko proban. Aldiz, emakumeen atzo jokatu zuten aurreneko lagunartekoa, eta galdu egin zuten Orion. Riberak zuzentzen duen gizonen taldeak datorren asteburuan hasiko du Espainiako Hirugarren Mailako liga txapelketa. 

Denboraldiaurreko azken lagunartekoa jokatu zuen atzo, zapatua, Lagun Onaken gizonen taldeak. Espainiako Hirugarren Mailara igo berria den Zarautz taldearen etxean, Asti zelaian, aritu zen Jose Luis Ribera entrenatzaile azkoitiarraren taldea, eta Azpeitiko taldeak 0-2 irabazi zuen. Partida hasiera ona jokatu zuen Lagun Onakek. Riberaren gizonek agindu zuten, oro har, partida guztian, eta ageriko gol aukerak sortu zituzten; liga hasierara Zarautzek baino erritmo hobearekin iritsiko dela erakutsi zuen atzo Lagun Onakek. 

Atsedenaldiaren aurretik, 40. minutuan, lortu zuen Azpeitiko taldeak aurreneko gola. Hiru lagunen lana nabarmendu zen aurreneko golean: aurrena, Markel Uzinek baloia ostu zion Zarauzko jokalari bati; segidan, Jakes Aranbarrik erdiratu zuen baloia; eta azkenik, Jagoba Erdozia taldeko golegileak baloia sareetara bidali zuen jokaldi eder bati amaiera ezin hobea emanez. 

Lagunartekoetan minutuak banatu ohi dituzte entrenatzaileek, eta bigarren zatiko ordu laurdena bete zenean taldea guztiz aldatu zuen Riberak. Hain justu, handik minutu gutxira lortu zuen Lagun Onakek bigarren gola. Jon Sanchez lasartearrak area ertzetik egin zuen jaurtiketa, eta gol ikusgarria lortu zuen hala. Bigarren golak ezer gutxi aldatu zuen berdegunean, Riberaren taldeak bere jokoa eginez jarraitu baitzuen. 

Denboraldiaurre ona eginda ekingo dio Lagun Onakek datorren asteburuan Hirugarren Mailari; Gasteizko Aurrera Vitoria taldea izango dute arerio. Izan ere, jokatutako bost lagunartekotatik lau irabazita hasiko du 2025-2026 denboraldia. Gainera, gol bakarrak jaso dute aurka Riberarenek. 

Emakumeen aurrena

Ohorezko Erregional mailako emakumeek, bestalde, denboraldiaurreko lehen lagunartekoa jokatu zuten atzo, Orioko Mendibeltz zelaian. 1-0 galdu zuen Aitor Zubizarretak eta Iñigo Segurolak zuzendutako taldeak. Jokalari gazteei hasieratik jokatzeko aukera eman zien entrenatzaile azpeitiarrak, lehen taldearekin denboraldiaurrea egiten ari diren aurpegi berri asko ikusteko parada izan baitzen berdegunean.

Partidari ondo eutsi zioten azpeitiarrek. Hasiera parekatua izan bazen ere, zelai erdian jokoaren kontrola lortzeko gai izan zen Lagun Onak, eta hala, jokoa eroso egin zuten. Ordea, lehia amaitzear zela egin zuen etxeko taldeak lagunartekoko gol bakarra; geldikako jokaldi batean lortu zuen Oriokok lehia irabazteko gola. Datorren larunbatean, irailak 6,  Anaitasunaren aurka jokatuko dute hurrengo lagunartekoa, Garmendi zelaian (11:00). 

Oriokoko eta Lagun Onakeko kideak, atzo, Mendibeltz zelaian. (Lagun Onak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide