Arte eta Diseinu eskolako tailerretan izena emateko epea ireki dute

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 1a, 08:56

Arte eta Diseinu eskolako ikasleek aurreko ikasturte bukaeran Betharram aretoan jarritako erakusketa.

Hainbat tailer eskainiko dituzte ikasturtean zehar: haurrentzat marrazketa eta eskulan tailerra nahiz helduentzat pintura eta egurrean tailuak egiteko ikastaroak. Irailaren 8an hasiko da ikasturtea eta jadanik matrikula egiteko aukera dute herritarrek.

Arte eta Diseinu Ikastegiak (ADI) zabaldu du jadanik 2025/2026 ikasturterako izena emateko epea. Ikasturte berrian zehar, umeei eta gaztetxoei zuzendutako marrazketa eta eskulan tailerra nahiz helduentzat pintura eta egurrean tailuak egiteko tailerrak eskainiko dituzte.

Marrazketa eta eskulan tailerrean 4 eta 12 urte arteko umeek eman dezakete izena, eta saioak astelehenetik ostegunera izango dira, 17:15etik 18:30era. Helduentzako pintura tailerrak ere astelehenetik ostegunera emango dituzte, 15:30etik 17:00etara. Egur tailu tailerra, berriz, 18:30etik 20:00etara izango da, egun berdinetan. Horiez gain, zeramikako klaseak eta buztina lantzen ikasteko tailerrak eskainiko dituzte Arte eta Diseinu eskolan, baina ikastaro horien datak eta ordutegiak ez dituzte zehaztu.

Ikastaroak datorren astelehenean, irailaren 8an, hasiko dira, eta horietan izena emateko epea irekita dago jadanik. Horretarako, interesa duten herritarrek Arte eta Diseinu Ikastegira (Jose Artetxe kaleko 3. zenbakian) jo dezakete, artetadiseinu@gmail.com helbidera idatzi edo 688 751 887 zein 943-812 28 08 telefono zenbakietara deitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide