Kontzertuak, antzerkia eta zinema dakarzki irailak

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 1a, 13:59

NiƱa Coyote eta Chico Tornado taldea osatzen duten musikariak. (Kulturaz kooperatiba)

Iraileko kultur agenda aurkeztu du Kulturaz kooperatibak. Zinema denboraldia hasteko, hiru pelikula emango ditu, eta Arizona antzerkia ere ekarriko du Soreasu antzokira. Musikari dagokionez, bertako nahiz kanpoko taldeak ariko dira Sanagustinen, besteak beste, The Baboon Show eta Niña Coyote eta Chico Tornado.

Abuztuko atsedenaldiaren ostean, Kulturaz kooperatibaren iraileko agendak eskaintza zabala dakar Azpeitira. Besteak beste, kontzertuak, antzerkiak, ekitaldiak eta zinema izango dira hil honetan.

Aste honetan bertan, igandez, hasiko du Kulturaz kooperatibak iraileko eskaintza kulturala, Dantzaleku proposamenarekin. Herritarrek areto dantzak egiteko aukera izango dute Sanagustin kulturgunean; besteak beste, salsa eta bachata doinuak. 19:00etan hasiko da saioa, eta doakoa izango da.

Musikari dagokionez, The Baboon Show talde suediarra ariko da Sanagustin kulturgunean hilaren 12an. On izeneko taldea ariko da eszenatokian beraien aurretik, 21:00etan hasita. Sarrerak esteka honetan eros daitezke, 27 euroren trukean. Irailaren 19an, halaber, Kaskezur taldearen txanda izango da. Laukote baztandarrak 21:00etan hasiko dute kontzertua, eta doakoa izango da.

Hilaren 20koa izango da iraileko kultur eskaintzako plater nagusietako bat: Niña Coyote eta Chico Tornadoren kontzertua, 22:00etan. Gailu taldea ariko da aurretik, eta sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke, 16 eurotan.

Katapulta Bobbi Relac eta Peachy Joke taldeak izango dira irailean Sanagustineko eszenatokira igotzen azkenak, hilaren 26an, 19:00etatik aurrera.

Hiru pelikula eta antzerki bat

Kulturaz kooperatibak irailaren 14an hasiko du ikasturte berriko zinema denboraldia, Heidi, katamotzaren erreskatea pelikularekin. 16:30ean emango dute filma Soreasu antzokian, eta hemen eskuratu daitezke sarrerak. Ez da, ordea, haurrei zuzendutako pelikula bakarra izango: hilaren 21ean Los tipos malos 2 emango dute ordu berdinean.

Iraileko hirugarren pelikula Euskal Herrian ekoiztutako Jone, batzuetan izango da. Sara Fantovak zuzendu duen ikus-entzunezkoa bi egunetan emango dute Soreasun, hilaren 14an 19:30ean –sarrerak hemen– eta hilaren 15ean 21:00etan–sarrerak hemen–.

Bestalde, irailaren hondarrerako gorde du Kulturaz kooperatibak Arizona antzerkiaren emanaldia. Hilaren 28an emango dute Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktore euskaldunak protagonista dituen tragikomedia. Esteka honetan eros daitezke sarrerak, 16 euroren trukean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide