Noiz eta nolatan hasi zinen sorkuntzara hurbiltzen?
Txikitatik izan dut zaletasuna eta jakin-mina, baina ondo marrazten ikasi egiten da, inor ez da jakinda jaiotzen, nahiz eta batzuetan kontrakoa esaten den. Etxean beti margotu izan dudan arren, nerabe nintzela hasi nintzen Arte eta Diseinu Ikastegian, eta han egin nituen lehen urratsak. Erabaki zailena gerora hartu nuen, Batxilergo Artistikoa ikasten hasi nintzenean. Zaila izan zen erabakia hartzea, bide horrek beste hainbat ixten baititu. Gaur egun Arte Ederrak ikasten ari naiz, eta ez naiz hartutako erabakiaz batere damutzen.
Zergatik?
Unibertsitatean –Leioako campusean ikasten dut– begiak ireki zaizkit. Eskoletan eskultura, pintura, marrazketa, bideogintza eta bestelako diziplinetako jakintza teknikoak ikasteaz aparte, beste bide eta perspektiba batzuk topatu ditut, artearen funtzioaz hausnartzen hasi naiz eta teknikaren atzean ezkutatzen denaz pentsatzen ikasi dut. Badaude horretara animatu nauten irakasleak, eta asko eskertzen diet ekarpena. Gainera, elkarlanerako aukera izan dut kideekin.
Zer-nolako hausnarketak egin dituzu?
Liluragarria iruditzen zait arteak gizartean zer-nolako funtzioa izan dezakeen pentsatzea; izan ere, beti lotzen da arte merkatuarekin edo artistaren proiektu pertsonalarekin, baina artea hortik haratago joan daitekeela pentsatzen dut nik. Arteak ez du zertan neutralizatzailea izan, balio dezake grinak pizteko, ideiak zabaltzeko eta sentipenak eragiteko. Gainera, uste dut kolektiboan antolatutako artea are indartsuagoa izan daitekeela. Arte sistema, bere horretan, oso indibidualista da, bakarkakoa, baina lehen esan bezala, kideekin oso harreman ona egin dut, elkarrekin ideia asko partekatzen ditugu eta horri esker ohartu naiz artea taldean ere uler daitekeela. Kolektiboan aritzeak artearen beste ikuspegi bat eman dit.
Zer diziplinatan aritzen zara?
Denetarik egiten dut. Uneren batean egin beharko dut hautu bat, ezin baitut diziplina guztietan espezialista izan; osagarritu ere egin daitezke elkarrekin. Marrazketan eta pinturan aritzen naiz gehien, baita eskulturan ere. Argazkigintzak ere lotu nau.
Artearen zein arlo gustatzen zaizu gehien? Eta gutxien?
Une honetan, eskultura nabarmenduko nuke; izan ere, galduta sentitu izan naizenetan ikaragarri lagundu dit. Eskultura oso materialista da, ez du gezurrik esaten, eta gardena da. Asko gustatzen zait materialak elkarrekin nola lotzen diren ikustea, zer forma hartzen duten eta nolako presentzia duten espazioetan. Kontrara, gutxien gustatzen zaidana ez den arren, une hauetan pintura arlotik aldenduta nago. Neure kabuz gutxien egiten dudana da uneotan. Izatekotan, beste elementuekin uztartzeko erabiltzen dut pintura, esaterako, collageekin.
Kale Pintura Lehiaketan azpeitiar onenaren saria jaso zenuen.
Bai, eta oso esperientzia polita izan zen. Frontoi Txikiaren eta Elizkalearen arteko pasabidea margotu nuen; ez da oso txoko polita jendearentzat, baina niri ikaragarri gustatzen zait, eta han jarri nintzen. Ez nuen espero irabazterik.
Hainbat proiektu egin dituzu. Batzuk aletzerik bai?
Aldizkarietarako marrazkiak egin izan ditut, baita literatur talde baten proiekturako ere. Testuek laguntzen didate sortzerakoan norabide bat zehazten; lan egiteko modu hori ere gustatzen zait.
Ba al duzu erreferenterik?
Aurten, esaterako, arreta handia piztu dit Hilma af Klinten lanak. Suediarra zen, espiritista. Horrez gain, Sahatsa Jauregiren eszenografien zale hutsa naiz.
Probatuko zenukeen proiekturen bat zein da?
Eskultura eta eszenografia uztartuko lituzkeen zerbait egingo nuke.