Ejea de los Caballerosen jokatu duten errekortarien uztai txapelketa irabazi du Xabier Iturraldek

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 2a, 09:09

Javier Soler eta Xabier Iturralde, Ejea de los Caballerosen lortutako garaikurra eskuetan dutela. (Utzitakoa)

Xabier Iturralde azpeitiarrak Javier Soler errekortariarekin osatu zuen bikotea atzo Ejea de los Caballeros (Zaragoza, Espainia) udalerrian jokatu zuten XVIII. Errekortarien Uztai Txapelketan. Bikotea trebe aritu zen uztaiak behien adarretan ipintzen eta txapela lortu zuen.

Xabier Iturralde errekortari azpeitiarrak garaipena lortu zuen atzo Ejea de los Caballerosen (Zaragoza, Espainia) jokatu zuten XVIII. Errekortarien Uztai Txapelketan. Javier Solerrekin bikotea osatuta, bederatzi uztai ipini zituzten sailkapeneko txandan, eta bat finalean.

Bederatzi bikote aritu ziren lehian uztaien modalitateko txapelketan. Bikote bakoitzak Jesus Marcen ganaduzalearen behi bana izan zuen aurrez aurre sailkapeneko txandan, eta Iturraldek eta Solerrek osatutako bikotea izan zen lehenengo fase horretan onena: bederatzi uztai jarri zituzten Comendadora izeneko animaliaren adarretan.

Finalerako sailkatu ziren Iturralde eta Soler, eta aurkari izan zituzten beste bi bikoteek bezala, uztai bakarrarekin asmatu zuten, oraingoan Saltilla behia aurrez aurre zutela. Finalean, beraz, berdindu egin zuten hiru bikoteek, baina Iturraldek eta Solerrek eskuratu zuten txapela, haiek izan baitziren sailkapeneko errondan uztai gehien sartu zituztenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide