Jone Arriaran eta German Aranburu garaile, Zarauzko Euskal Asteko Binakako Dantza Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 2a, 10:50

Azpeitiarrek puntu bateko aldearekin irabazi diete Maren Galvez lezotarrari eta Gorka Granado sopeloztarrari. Zarauzko Helduen Binakako Dantza Txapelketako parte hartzaileen artetik erdiak azpeitiar dantzariak izan dira; bost bikote, hain zuzen ere.

Zarauzko Lege Zaharren Enparantza lepo bete zen atzo arratsaldean, Helduen Binakako Dantza Txapelketaz gozatzeko. Eta nola gozatu ere. Erakustaldi ederra eman zuten plazako agertorkira igo ziren bederatzi bikoteek, fandangoa eta arin-arina dantzatuz. Hamar bikote zeuden iragarrita dantza txapelketa jokatzeko, baina azken orduan izandako lesio baten ondorioz, Julen Murgiondok eta Saioa Galarragak ez zuten parte hartu dantza txapelketan.

Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrek irabazi zuten dantza txapelketa, 74 puntu lortuta. Maren Galvez lezotarrak eta Gorka Granado sopeloztarrak osatutako bikoa puntu bakar batera geratu ziren sailkapenean, txapelketak izan zuen maila agerian utziz. Txapelaz gain, 200 euro eta garaikurra jaso zituzten garaileek, eta saria jaso ostean, berriro igo ziren oholtzara jendaurrean dantzan egitera. Txapeldunordeek, berriz, 180 euroko saria jaso zuten.

Hirugarren postua Ane Jaunarena eta Endika Osa lezotarrek eskuratu zuten, 69 punturekin, baita jantzi onenaren saria ere; 160 euro lortu zituzten eta beste 100 euro sari bereziagatik, alegia. Laugarren saria, azkenik, Bidatz Manterola eta Jon Alkain oriotarrentzat izan zen, 63 punturekin, eta hauek 140 euroko saria jaso zuten.

Gainerakoan, hurrenkera honetan geratu zen sailkapena: Ekain Uzkudun eta Iker Zabala azpeitiarrak bosgarrenak izan ziren, 62 punturekin; Hegoa Aizpuru eta Izaro Arandia azpeitiarrak seigarrenak, 60,50 punturekin; Jare Labaka eta June Izagirre azpeitiarrak zazpigarren, 60 punturekin; Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla zestoarrak zortzigarren, 53 punturekin; eta Iara Sustaeta eta Ane Lazarobaster azpeitiarrak bederatzigarren, 52,5 punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide