Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpaina jarri du abian beste urte batez. Bizikletak konpontzeko doako zerbitzua eskaintzen duen egitasmoa Gipuzkoako hogei herritara iritsiko da aurten, iaz baino zortzi herri gehiagotara. Horietako bat izango da, beste behin, Azpeitia.
Hilaren 18an, ostegunez, jarriko dute postua plazan, 10:30etik 14:00etara; egun berean, arratsaldez, Azkoitian jarriko dute, 16:00etatik 20:00etara, han ere herriko plazan.
Azahara Dominguez diputatuak Mugikortasunaren Europako Astearen barruan aurkeztu zuen atzo aldundiaren kanpaina. Garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak dakartzan onurei buruzko sentsibilizazioa du helburu erakundeak, eta diputatuak dioenez, garraio publikoa, bizikleta eta oinez egindako joan-etorriak "onuragarriak" dira bai ingurumenerako, bai osasun publikorako.
Helburu hori aintzat hartuta jarri dute abian aurten ere kanpaina. Bizikletak konpontzeko zerbitzua furgoneta batek eskainiko du, eta Mugi txartel pertsonalizatua duten pertsona guztiak izango dira onuradunak. Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, beharrezko laguntza eskainiko zaie Mugi txartela eskuratu nahi duten pertsona guztiei. Bizikletak konpontzeko zerbitzuaren onuradunak, gainera, zozketa batean sartuko dira: bi bizikleta eta 20 euroko 60 Mugi birkarga zozkatuko ditu erakundeak.