Joan den larunbatean egin zuten Azpeitia-Gasteiz Hiru Handietatik barrena egitasmoko Zegama-Arantzazu hirugarren etapa Lagun Onak mendi bazkunakoek. 94 mendizalek osatu zuten ibilbidea.
Goizeko zortzirak inguruan abiatu ziren mendizaleak Zegamatik (Gipuzkoa). Oria ibaiaren ondotik gora eginez Aizkorriko mendikate aldera abiatu ziren. Bidean lokatza handirik eta berorik gabe, eguraldi aproposa izan zuten ibiltzeko. Aizkorriko mendikaterantz Santi Espiritu baselizaren ondotik joan ziren eta handik San Adriango pasabidera. Hantxe egin zuten aurreneko geldialdia mendizaleek, eta gune horretan taldea bitan banatu zen: 75 mendizalek Aizkorriko tontorrerako bidea hartuta. Tontorra egin eta handik Urbiara jaitsi ziren. Beste taldea, Aizkorri azpialdetik, Oltzako bordetatik barrena joan zen Urbiara.
Mendizaleen bi taldeek Urbian egin zuten berriro bat, elkarrekin bazkaltzeko tartea hartuz. 20 kilometroko ibilbidea bukatzeko, denak batera Arantzazura jaitsi ziren. 15:00 aldera Azpeitirako autobusa hartu zuten.
Azpeitia-Gasteiz egitasmoko laugarren etapa maiatzaren 31n egingo dute, Arantzazutik Leintz Gatzagara artekoa izango da hori.