Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museotik Lasaora joan-etorrian ariko da asteburuan lurrun trena. Bi bidaia egingo ditu larunbatean, bata 12:00etan eta bestea 17:30ean, eta beste bat igandean, 12:00etan.
Bestalde, museoa zabalik izango da egun horietan, beraz, Europako tren bildumarik onenetarikoa ikusi ahal izango dute bisitariek. Besteak beste, lurrun trenen makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak nahiz bagoiak ezagutzeko parada izango dute.
Museoko instalazioak zabalik izaten dira asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era. Larunbatetan museoa irekita egongo da 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era; eta igandean, aldiz, goizez bakarrik zabaltzen dute, 10:30etik 14:00etara.