Israel Gazan egiten ari den sarraskia gaitzetsi du GUKAk ere

Erredakzioa 2025ko ira. 3a, 16:36

Israelek gutxienez 220 kazetari hil ditu Gazan 2023ko urriaren 7az geroztik, eta RSF Mugarik Gabeko Kazetariak gobernuz kanpoko erakundeak sarraskiaren aurka kanpaina abiatu du. GUKAk bat egin du kanpaina horrekin.

GUKAk bat egin du RSF Mugarik Gabeko Kazetariak gobernuz kanpoko erakundeak abiatutako kanpainarekin. Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren aurka mobilizaziora deitu du RSFk. Izan ere, erakundeak salatu duenez, Israelek gutxienez 220 kazetari hil ditu Gazan 2023ko urriaren 7az geroztik; azkenak, abuztuaren 25ean.

Deialdiaren bidez, Israelgo armadak Gazako Zerrendan kazetariak hil izana salatzearekin batera, RSFk hiru eskaera egin dizkio Israelgo Gobernuari: bata, kazetarien aurkako krimenak zigorrik gabe ez uzteko; bestea, hala nahi duten kazetari palestinarrei handik ateratzen uzteko; eta azkenik, nazioarteko hedabideei Gazan sartzeko baimena emateko, han jazotzen ari denaren berri nazioartean eman ahal izateko.

Erakundeak nazioarteko hedabideei mobilizatzeko deia egin die, eta, oraingoz, gutxienez, munduko 258 komunikabide atxiki dira deialdira; GUKA ere bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide