Urriaren 1ean hasiko dira Gazte Kirol programako jarduerak

Nerea Uranga 2025ko ira. 5a, 09:00

Igeriketako saio bat.

DBHko ikasleei lehiarik gabeko jarduera fisikoa eta kirol ezberdinak egiteko aukera eskaintzea da egitasmoaren helburua. Eskaintza hori Azpeitiko Udalaren jarduera fisikoko eta kiroletako zerbitzuak bultzatzen du.

DBHko ikasleentzako Gazte Kirol programa eskaintzen du Azpeitiko Udalaren jarduera fisikoko eta kiroletako zerbitzuak. Eskaintza urriaren 1ean jarriko dute martxan, eta programaren barruko bi eskaintzetan izena emateko epea zabaldu dute jada.

Gazte Kirol programaren helburua da "DBHra igarotzen diren ikasleei aukera ematea" lehiarik gabeko jarduera fisikoa eta kirol ezberdinak egiteko, udalak azaldu duenez. Horretarako, eskaintza erakargarria osatu nahi dute programaren antolatzaileek, "lehiakortasuna alde batera utziz" eta interesdunak talde baten barruan senti daitezen: "Ikasleek ondo pasatzeko, sasoian egoteko, jarduera fisikoa eta kirola egiteko beste modu batzuk ezagutzeko, beraien aisialdi denbora aktiboki eta euren kabuz kudeatzeko beharrezko ezagutzak jasotzeko…".

Hori guztia hala izateko, hainbat kirol praktikatzeaz gainera, herriko kirol baliabideak zein diren eta herrian kirola egiteko zein aukera dauden azalduko dizkiete Gazte Kirol programaren parte hartzaileei, herriko eragileekin elkarlanean. Programaren edukia nahien arabera moldatzen joan daitekeen arren, egingo dituzten jardueren artean ondorengoak aipatu dituzte programaren antolatzaileek: "Paddle-tenisa, boleibola, bizikleta, egokitze fisikorako saioak, igeriketa...".

Gazte Kirol programaren barruan bi aukera eskaini dituzte:

  1. Hedatze programa. Parte hartzea doan da. Astearteetan, 15:00etatik 16:30era izango dira saioak. Hasteko urritik abendura bitartean izango dira saioak, baina taldea sortuko balitz, luzatzeko aukera egongo da. Kasu honetan, izen ematea eta informazio ikastetxe bakoitzeko idazkaritzan eskuratu ahalko dute ikasleek.
  2. Gazte Kirol programa. Hilean 15 euro kostatzen da. Urritik maiatzera bitartean, asteazkenetan 18:30etik 20:00etara izango dira saioak. Parte hartzaileen topagunea Izarraizpe ikastolako frontoi estalia izango da. Kasu honetan, ikasleek izena igerilekuan eman beharko dute, kontu korrontearen zenbakia eta titularraren datuak aurkeztuta.

Gazte Kirol programaren inguruko informazio gehiago nahi duenak azpeitiagaztekp@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezake edota 943-81 30 69 telefono zenbakira deitu.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide